Itxi

telebista

Lehiaketa

Ioritz Berra lehiakideak 13.100 euro irabazi ditu 'Hizkamizka' saioan

A.E.

EiTB

45 saiotan hutsik egin gabe aurrera jarraitzen du lehiaketan. 'Hizkamizka' 13:30ean dago ikusgai, astelehenetik ostiralera, ETB1en.

Ioritz Berra lehiakideak 13.100 euro irabazi ditu eta 45 saio daramatza 'Hizkamizka'n hutsik egin gabe. Ostegunean, martxoaren 6an, eman den saioan eraman du dirutza hori. Saria irabazi eta aurrera jarraitzen du programako errekorra daukan donostiarrak. 'Hizkamizka' 13:30ean dago ikusgai, astelehenetik ostiralera, ETB1en.

Ioritz Berra donostiarra da, nekazari ingeniari teknikoa. IGA edo irakasleen prestakuntzako masterra egiten ari da, irakasle izateko, frantsesa ikasten eta euskarako 4. perfilerako prestatzen, halaber. Lanbidez elikagaien auditore da, baina langabezian da egun. Lehen aldia da lehiaketa batean parte hartzen duela, eta agerian da bikain ekin diola.

'Hizkamizka', eguneroko saioa

'Hizkamizka' saioan lehiakide izateko hizkamizka@eitb.com helbide elektronikora idatzi behar da. E-posta horretan parte hartu nahi duen pertsonaren datu guztiak zehaztu behar dira: izen-abizenak, adina, helbidea, herria, e-posta helbidea eta kontakturako telefono bat. Argazkia bidaltzea ere eskertuko da.

ETB1eko arratsalderoko saio honetan 300 euro daude jokoan egunero. Bi lehiakidek hartzen dute parte saio bakoitzean eta, erantzun zuzen gehien emanez, puntu gehien lortzen duenak egiten du aurrera; hau da, hurrengo saioan parte hartzeko aukera du.

Galdera erantzunen saioa da 'Hizkamizka'. Trivial jokoan bezala, gai eta mota guztietako galderak egiten dizkie Zuhaitz Gurrutxagak lehiakideei, eta horietako batzuetan pista batzuk ere izaten dituzte.