Itxi

telebista

22:30ean

Independentziaz, gaurko '60 Minutos' saioan

Eskozian eta Katalunian egitekoak diren galdeketak aztertuko dituzte saioan, eta euskal kasuaz ere arituko dira alderdi politiko nagusietako buruekin.

Eskozian eta Katalunian egitekoak diren independentziari buruzko galdeketak aztertuko ditu gaur '60 Minutos' saioak. Bi herrialde horien egoera, ezaugarriak eta galdeketen bideragarritasuna zein ondorioak ikertuko dituzte. Halaber, euskal kasua ahaztu gabe, Euskadiko alderdi politiko nagusietako buruek hitz egingo dute, hala nola, Andoni Ortuzarrek (EAJ), Hasier Arraizek (EH Bildu), Patxi Lopezek (PSE) eta Arantza Quirogak (PP).

Irailaren 18an egingo da galdeketa Eskozian. Erresuma Batutik bereiztu eta Eskozia burujabe izango den erabakitzeko erreferenduma izango da. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa neurriaren aurkakoa bada ere, Parlamentu Britainiarrean galdeketa legez egiteko modua aurkitu du.

Gugandik distantzia laburragora dagoen beste galdeketa Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak egiteko asmoa duena da. Zehaztu du data dagoeneko: azaroak 9. Katalanei galdeketarako deia luzatu zaie; Mariano Rajoyk, baina, jada esana du ez duela onartuko.

Bestalde, Euskadin urte luzez bizi diren kataluniar eta eskoziarrekin hitz egingo dute saioan, euren herrialdeetako egoera eta gure egoera politikoa ondo ezagutzen duten solaskideak izango dira.  Iritzi eta ideologia anitzekoak, galdeketak nola ikusten dituzten, aldeko edo kontrako jarrera duten, Eskozia eta Katalunia independenteak nola irudikatzen dituzten, euren iritziz nola kudeatuko liratekeen eta Europar Batasunean lekurik izango luketen azalduko dute ’60 Minutos’ saioan. Halaber, bi galdeketon artean dauden antzekotasun eta ezberdintasunen inguruan ere mintzatuko dira.

Ikus-entzuleek, bestalde, saioan landuko diren gaien inguruko euren iritzia zuzenean eman ahal izango dute, #independencia60minutos hashtag-a erabilita.

'60 Minutos' saioa gaur izango da ikusgai, 22:30etatik aurrera, ETB2n.