telebista
Laburpena
Aitor, Soniarekin batera 'Sukaldari'ko final handian
Aitor "Sukaldari" saioko azken finalerako bigarren sailkatua da, bigarren fasea irabazi ondoren. Soniarekin batera arituko da final handian.
-
Aitor, bigarren faseko irabazlea
Garaipenerako bidea ez zen erreza izan. Lehenengo proba taldekoa izan zen eta produktu osasungarriak erabiliz bi plater prestatu behar izan zituzten. Zoriak mutilak, Gorka eta Aitor, alde batetik eta neskak, Afrika eta Anane, bestetik elkartu zituen. Erosketak egin ondoren, saioak talde bakoitzaren dinamika apurtu zuen, beste taldeak erositako produktuak erabili behar izan baitzituzten errezetak prestatzeko. Afrika eta Anane atera ziren garaile lehenengo proban, beraz zuzenean azken probara pasatu ziren.
Aitorrek eta Gorkak hil edo biziko duelua egin behar izan zuten. Bigarren probako errezeta ahate-bularkia izan zen. Aitor eta Gorka oso txukun aritu ziren eta erabaki gogorra izan zen Ramon eta Anderrentzat. Azkenean, Aitor izan zen irabazlea.
Afrika, Anane eta Aitor final handirako txartela lortzeko lehiatu ziren azken proban. Proba hasi aurretik haien bikotekideen bisita izan zuten. Lehikide bakoitzak bere errezetarik onena prestatu zuen: Aitorrek, marmitakoa Urduña erara; Afrikak, legatz errezeta berezi bat; eta Ananek, arrain-zopa. Azken proban Josean Alija Guggenheim Museoko Nerua jatetxeko jabearen gomendioak jaso zituzten. Ramonek eta Anderrek Aitorren platera onena izan zela esan zuten eta bizkaitarrari eman zioten garaipena.
Atzoko saioaren ondoren, bi lehikide daude jada "Sukaldari" saioko final handian: Sonia, lehen faseko irabazlea, eta Aitor.