Itxi

telebista

Herritarrei galderak

Herritarrek politikariei galdetuko diete 'Euskadi Pregunta' berrietan

A.A

EiTB

Arantza Quirogak (PP), Patxi Lópezek (PSE-EE), Hasier Arraizek (Sortu) eta Andoni Ortuzarrek (EAJ) herritarren galderei erantzungo diete Africa Baetak gidatuko dituen saioetan.

  • Africa 'Euskadi Pregunta' saioan

    Africa 'Euskadi Pregunta' saioan

Herritarrek nahi dutena galdetu ahal izango diete politikariei ETB2ko 'Euskadi Pregunta' saioaren atal berrietan. Apirilaren 7tik aurrera, Arantza Quirogak (PP), Patxi Lópezek (PSE-EE), Hasier Arraizek (Sortu) eta Andoni Ortuzarrek (EAJ) erantzungo diete herritarren galderei Africa Baetak aurkeztuko dituen saioetan.

'Euskadi Pregunta' saioak politikari bat izango du gonbidatu atal bakoitzean, apirilaren 7tik aurrera. Lehendabiziko gonbidatua Arantza Quiroga, Euskadiko PPko presidentea, izango da. Hurrengo astelehenean, apirilaren 14an, Patxi Lopezi, PSE-EEko idazkari nagusiari, helduko zaio txanda. Apirilaren 28an, Hasier Arraizi, Sortu presidenteari, galdetu ahal izango diote herritarrek. Eta azkenik, maiatzaren 5ean, Andoni Ortuzar, EAJko EBBko burua, izango da galderei erantzuten.

Politikari horietako bakoitzak Bildarte enpresak aukeratutako 25 lagunen galderei erantzun beharko die eta minutu bat izango dute galdera bakoitzari erantzuteko. Telebistako platoan egongo diren 25 lagun horiek Euskadiko herritarren ordezkari gisa aukeratuko dituzte, irizpide estatistikoei jarraituz. Erantzuna jaso ondoren, galdera egin duen herritarrak bere ikuspuntua emateko aukera ere izango du.

Platoan egongo diren lagunez gainera, edonork bidali ahalko du politikari bati egin nahiko liokeen galdera. Galdera horiek aurkezleak egingo dizkio unean uneko politikariari. Galdera bidaltzeko, bi bide daude: saioaren webgunea eta euskadipregunta@eitb.com helbide elektronikoa.