telebista
Kronika
Legez kontrako suak eta behiek Ander akabatu dute
Ander abenturatik kanpo geldituta, Eneko da aurrera doan gizonezko bakarra, Rebeka, Sandra, Irene eta Helis lehiakide dituela; Sheila, bestalde, purgatoriora iritsi eta hutsik aurkitu du kanpamentua.
Oliteko bikien arteko borroka izan zen azkenean duelua. Sheila baino arinago iritsi zen Irene elurtutako mendi gailurrera bere banderatxoa jartzeko eta, ondorioz, ahizpa Purgatoriora bidali zuen. Eneko izan zen onena dueluan eta Ander kanpai salbatzailearen arrastoari jarraitzeko banderatxoa hartzeko gai ere ez zen izan.
Santurtziarrak ‘bigarrenaren’ etiketa jasota bukatu du Argentinako abentura, Enekoren menpe beti eta aurreko saioetan haren etsaia izan denari aurre egiten ahalegindu gabe. Bere hutsegite handiena, baina, legez kontrako suaren zigorra bere gain hartzea izan da; zigor hori izan ez balu, ez litzateke azkena izango jokoan eta, agian, nominazioetan ez zuketen aukeratuko.
Sheila purgatorioan
Sheila purgatoriora heldu eta kanpamentua hutsik aurkitu zuen. Iñigok, Dianak eta Saraik ez zioten eguraldi txarrari aurre egin eta abentura utzi zuten, nahiz eta Julianek azken orduan kobazulo batean lo egiteko aukera eskaini. Erabakia sendoa zen jada eta purgatorioak bere hiru kideak galdu zituen.
Kanpamentu bateratuan, bestalde, kontuak oso argi daude. Bikiak eta Helis dira Eneko menperatzen saiatzeko adorea erakutsi duten bakarrak, berandu baino lehen; hirurek izendatu zuten Getxoko arraunlaria nominazioen tartean. Rebeka eta Sandra, ostera, haren aliatu leialenak dira. Gainera, bilbotarrak irabazi zuen Inmunitatearen Jokoa (Enekok oparitutako behiari esker). Rebekak Sandra aukeratu zuen sariaz gozatzeko kide gisa: etxola batean gaua, beheko suaren berotasunean eta jan-edan ugarirekin. Zorioneko neska biak uneoro taldekideen sufrimentua izan zutela gogoan esanez bueltatu ziren kanpamentura…sinetsi egin behar?
Eneko, matxinadaren buru
Enekok, bien bitartean, matxinada antolatu zuen kanpamentu bateratuan, gaixoak busti egin baitziren bileran. Sinesgaitza da, baina ‘negarrik egiten ez duenak, ez du ezer irabazten’ pentsatuko zuen ziurrenik Enekok. Bilera egiteko lekuan sabairik edo olanik ez izatearren parte hartzaileak kexatzen diren lehen aldia da.
Bestalde, rodeoaren jokoan hartutako kolpeengatik kezkatuta daude Eneko eta Rebeka (saiotik kanpo batera egingo dituzte planen inguruan hitz egiten ari dira jada, gainera). Enekorena ez dirudi larritzekoa denik, baina Rebekarenak ez dauka itxura onik. Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen orduetan.