Itxi

telebista

Gaur, 22:15ean

Eztabaida, elkarrizketak eta entretenimendua, 'Por Fin, Viernes'-en

EiTB

Gaur ETB2n estreinatuko den aktualitate saioaren lehenengo atalean, Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea izango dute esklusiban eta lehenengo aldiz ETBri elkarrizketa eskaintzen.

Euskal Telebistak 'Por Fin, Viernes' saioa estreinatuko du gaur, 22:15ean. Entretenimendua eta informazioa uztartuko dituen saioa izango da eta Jon Bilbao kazetariak gidatuko du. Kolaboratzaile sare berriaren laguntzaz, egun-eguneko gaiak erritmo bizian landuko dituzte. Hasteko, Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea izango dute esklusiban eta lehen aldiz ETBn, elkarrizketa eskaintzeko.

Aurpegi berriak eta denetariko iritziak bilduko ditu saioak. Politika, kultura eta ikuskizunen arloko pertsonaiak hartuko dituzte. Ostiralero, Miramongo produkzio zentrotik zuzenean arituko dira.

Ignacio Goirigolzarri elkarrizketatzeaz gain, Eduardo Madina PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaia ere hartuko dute. Euskal politikari sozialistak, besteak beste, prozesu horren inguruko balorazioa egingo du.

Horrez gain, Mikel Urmeneta Kukuxumusu enpresaren sortzailea ere izango dute platoan. San Fermin jaien inguruko ikuspegia eskainiko du, eta duela egun batzuk baztertu duten marrazki polemikoaren inguruan ere arituko da, horren inguruko azalpenak emateko.

Beste bi gai jarriko ditu mahai gainean Jon Bilbaok. Batetik, krisia, ustelkeria eta murrizketak alderdi politiko eta erakundeetara iritsi ote diren eztabaidatuko dute. Politika eta liderrak berritzeko garaia iritsi ote den aztertuko dute. Bestetik, kezka handia eragiten duen beste gai bat ere izango dute: sexu-erasoak jaietan. Non dago dibertsioaren eta erasoaren arteko muga?

Informazioak eta entretenimenduak ez dute zertan kontrajarriak izan. Hartara, eduki guztiak zorroztasunez landuko dituzte, baina modu arin eta lasaian, hizketaldi astunak alde batera utzita.

Publikoak parte-hartze aktiboa izango du saioan, sare sozialen bitartez. Halaber, hainbat protagonista anonimo izango dituzte, ibilbide berezia eta interesgarria izan duten gonbidatuak, hain zuzen.

Jon Bilbao, aurkezle berria

Irrati mundutik telebistara egingo du jauzi estreinakoz Jon Bilbaok (Santurtzi, 1981). Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen eta irratian egin du lan azken hamar urteotan. Radio Euskadiko saio ezagunenak gidatu ditu: 'Más que Palabras', 'Grafitti' eta 'Boulevard'.

Ilusio handiz ekingo dio Bilbaok erronka berriari. Telebistan lehen aldiz arituko den arren, ondo menderatzen dituen edukiak jorratuko ditu. Gainera, orain arte irratian osatu duen ibilbidean trebetasun handia erakutsi du bai solasaldiak gidatzeko bai gizarteko pertsonaia nabarmenei elkarrizketak egiteko.