telebista
22:15ean, ETB2n
Loquillo izango da gaurko 'Iñaki & Cía' saioko protagonista
A.A.
EiTB
Denboraldi honetako azken atala izango da hau, eta Iñaki Lopezen saioa udazkenean izango da bueltan.
Loquillo abeslariak bere bizitzaren ateak irekiko dizkio Iñaki Lopezi gaur gauean, denboraldi honetan 'Iñaki & Cía' saioak izango duen azken atalean. Jose Maria Sanz aspalditik bizi da gurean. Bartzelona utzi, eta Donostiara etorri zen. Iñaki Lopez bertako kai-muturrera hurbilduko da Loquillorekin egoteko.
Iñakik eta Loquillok 30 urte baino gehiagoko ibilbide musikalari errepasoa egingo diote, eta orain urte asko Lasartera nola eta zergatik iritsi zen ekarriko dute gogora. Errealitatea bizitzeko beharra zuen, jasangaitza egiten zitzaion egoera bati buelta eman behar zion, eta, horretarako, jende arruntarekin bizitzeko beharra ikusi zuen. Lortu zuen, antza.
Urteekin, egoera ezberdina da. Familiaburua eta enpresaburua da, eta une oro bere beharra duen ama baten seme bakarra ere bada. Loquillok serio egiten dio aurre bizitzari.
Iñaki Lopez Susana Koskarekin izango da, Loquilloren bikotekide eta bidelagunarekin. Cayo semea ere ezagutuko du, eta Loquilloren hemengo lagunekin ere egongo da. Horiek bide berria hasten lagundu zioten abeslariari.
Loquillo sasoi onean dago, egunero Zurriolatik egiten du korrika eguneko lehen orduetan. Euria eginez gero, are gehiago gozatzen du. Ohikoa da semearekin saskibaloian jokatzen ikustea, eta, hori dela eta, 2x2ko partida bat prestatu du 'Iñaki& Cía' saioak. Aita-semeak Iñaki eta David Doblas Gipuzkoa Basketeko jokalariaren (Cayoren jokalari gustukoenetakoa) kontra arituko dira.
Loquillo ez da inoiz politikoki zuzena izan, politikan eta polemikan murgilduta egon da. Batzuen eta besteen jomuga izan da askotan; batzuetan, berak nahi izan duelako eta, beste askotan, bere iritzi edo zalantzek harrera ona izan ez dutelako. Berak dioen moduan, ondorioa hau da: Kataluinan jotzea arrisku-kirola da.
Iñaki eta Loquillo, bi rockzale eskutik helduta, gaur, 22:15ean, ETB2n.