Itxi

telebista

22:15ean, ETB2n

Mikel Urmeneta eta Baztan, gaurko 'No es País paras Sosos' saioan

A.E,

EiTB

Nafarroako bailara honetan ipuin batean murgilduta egongo balira moduko bidaia egingo dute Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek.

'No es País para Sosos' saioaren laugarren atala eskainiko du gaur gauean, 22:15ean, ETB2k. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek ipuin batean murgilduta egongo balira moduko bidaiari ekingo diote Baztango Bailaratik, benetakoaren usaina bakarrik izan dezakeen sukaldea hurbiletik ezagutzeko.

Mikel Urmeneta Kukuxumusuko sortzailea da gaurko gonbidatua, eta iruindar unibertsal honek erabaki beharko du sukaldari bietako zeinek jaso duen hobekien Euskal Herriak duen gastronomia originaletako honen funtsa.

Gure sukaldariek Anizen hasiko dute bidaia gastronomikoa. Bertako gaztandegi batean dute hitzordua Mikel Urmenetarekin, duela ehundaka urte inguruko larreak bazkatzen  dituzten behien artean. Mikelek, Ramonek eta Anderrek 'Baztan zopa' mitikoak dastatzeko aukera izango dute.

Ramon Rotetak Erratzun ekingo dio bakarkako bidaiari. Bertan ikasiko du ardi esnearekin eginiko gatzatua gure arbasoen erara egiten.

Bestalde, Ander Gonzalezek Mikel Goñi izango du anfitrioi Iruritara egingo duen bisitan. Urteekin bizirik jarraitzen duen Baztango burdindegi bakarrenetakoa ezagutuko dute.

Ondoren, bi sukaldariak Mikel Urmenetarekin batuko dira. Bazkaltzeko ordua iritsi da, eta jaietan dagoen Berroeta herrira hurbiluko dira. Argentinar jatorria duen janari baten inguruan bilduko dira herritarrak, 'Zikiro jate' izenaz ezaguna den artxo errea.

Beranduago, Elizondo izango da bi sukaldarien helmuga. Ramonek Dolores Redondo Baztango Bailaran girotutako trilogia bateko idazlearekin du hitzordua. Anderrek, aldiz, 'Zuri ta beltz', Baztango hestebete tipikoa egiten ikasiko du.

Bukatzeko, erronka. Mikel Urmenetaren ahosabaia bereganatzeko barruan duten sormen guztia jar dezaten eskatuko die Kukuxumusuko sortzaileak Ander eta Ramoni.