telebista
23:15ean
Eskoziako independentzia erreferenduma aztergai, 'El Dilema'n
A.H.
EITB
Gaiaren jarraipen zabala egingo du saioak: Juan Carlos Etxeberria Edinburgon izango da, adituekin hizketan, eta Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuko du solasaldia ohiko platoan.
-
Juan Carlos Etxebarria, 'El Dilema' saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB
'El Dilema' eztabaida saioa gaur itzuliko da ETB2ra, eta Eskoziako independentzia erreferenduma izango du aztergai.
Londresko eta Edinburgoko gobernuek hitzartutako erreferenduma da, eta datorren ostegunean, irailaren 18an, egingo da. 16 urtetik gorako Eskoziako biztanle guztiek "BAI" edo "EZ" erantzun beharko diote honako galderari: "Eskozia herrialde independentea izan beharko litzateke?". Azkeneko iritzi-inkestek emaitza parekatua aurreikusi dute. Beraz, oraindik erabakia hartu ez dutenen esku egongo da azken datua.
'El Dilema'k gaiaren jarraipen zabala egingo du. Juan Carlos Etxeberria aurkezle eta kazetaria Edinburgon izango da, Eskoziako Parlamentuko ateetan, eta bi aditu elkarrizketatuko ditu bertan: Michael Keating, Aberdeengo Unibertsitatean Zientzia Politikoetako katedraduna, eta Elisenda Casanas, Edinburgoko Unibertsitatean Zuzenbide Publikoko irakaslea.
Ondoren, Estibaliz Ruiz de Azua kazetariak 'El Dilema' saioaren ohiko platoan gidatuko du erreferendumaren inguruko solasaldia, gonbidatu hauekin: Alberto Lopez Basaguren, UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna; Juanjo Alvarez, UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna; Jule Goikoetxea, UPV/EHUko Zientzia Politikoetan doktorea; Alfredo Retortillo, Zientzia Politiko eta Ikerkuntza irakaslea; eta Xabier Arbas, Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbidean doktorea.
'El Dilema' datorren gaur gauean emitituko da, 23:15ean, ETB2n.