telebista
Audientzia
'Goazen gudari danok' dokumentala, arrakastatsu, ETB1en eta ETB2n
A.H.
EITB
Audientziak interes handiz jarraitu du, aste honetan, 1936. urteko Zirardamendiko batailaren nondik-norakoak azaltzen dituen dokumentalaren emanaldia, bi kateetan.
Goazen gudari danok dokumentalaren bi emanaldiek (ETB1en igandean eta ETB2n ostegunean) harrera ezinhobea izan dute audientziaren aldetik. Dokumentalak 1936. urteko Zirardamendiko batailaren nondik-norakoak kontatzen ditu, eta historian gertaerak hark izan zuen garrantzia aztertzen du.
Ostegunean, Felix Linaresek aurkeztu zuen 'La Noche de...' saio bereziak %12,4ko audientzia zatia eta 191.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zituen. Bertan, dokumentalaren errodajearen xehetasun eta bitxikeriak azaldu zituen. Ondoren, dokumentalaren emanaldiak %11,9ko sharea eta 168.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen.
Dokumentala ETB1en estreinatu zen igande gauean, euskaldunen artean %7,1ko audientzia zatia lortuz.
Zirardamendiko bataila
1936ko irailaren amaieran, Gipuzkoa galdu ostean, Bizkaia ere errepublikaren aurka matxinatutako erreboltarien eskuetan erortzeko arrisku betean zegoen. Egun horietan, errepublikaren alde borrokan ziharduten hainbat boluntarioek, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan gogor eutsi zioten fronteari. Horrela izan ez balitz, Euskadi osoa matxinoen esku geldituko zen, eta Jose Antonio Agirre lurralde gabeko aberri baten lehendakari besterik ez zen izango. Izan ere, Arana Goiri batailoiko kideak irailaren 25ean Zirardamendin borrokatu zirelako egonkortu zen frontea. Horren ondorioz, Autonomia Estatutua onartu eta Eusko Jaurlaritzak zazpi hilabetez Euskadin agintzeko eta bere lehentasunak abian jartzeko aukera izan zuen.
Aranzadi Fundazioak egindako gorputzen deshobiraketak hartzen ditu abiapuntu Goazen gudari danok dokumentalak, Zirardamendiko batailaren nondik-norakoak azaltzeko, eta historian gertaera hark izan zuen garrantziaren berri emateko.
Lekuko, familia-kide, historialari eta adituen testigantzak fikzioarekin bat egiten dute Edu Barinagaren eta Iban Gonzalezen gidoia eta zuzendaritza izan duen dokumental honetan.