Itxi

telebista

Gaur

Saskibaloia, ziklo-krosa eta pilota, zuzenean, ETBn eta eitb.eus-en

A.A.

EiTB

Donostiako Maratoiaren laburpenak, aizkolariek, erremonteak eta zesta puntak osatuko dute kirol eskaintza.

  • Laboral Kutxa. Argazkia: EiTB

    Laboral Kutxa. Argazkia: EiTB

Laboral Kutxaren saskibaloi partida, Igorreko ziklo-krosa eta Eibarko pilota jaialdia izango dira gaurko ETBren kirol eskaintzaren arreta gune nagusiak. Horrez gain, Donostiako Maratoiaren laburpena, aizkolarien Eusko Label sariko jardunaldia, erremontea eta zesta punta izango dira ikusgai.

Valencia Basket eta Laboral Kutxaren arteko saskibaloi partida 12etan hasiko da. Xabier de la Fuentek eta Josean Aldalurrek egingo dute kontakizuna ETB1en eta eitb.eus-en.

12:45etik aurrera, ziklo-kroseko Espainiako Kopako Igorreko saria jarraitzeko aukera izango da ETB4n eta eitb.eus-en, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren eskutik.

17:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, Eibarko Astelena pilotalekuko jaialdia eskainiko da. Hiru partida jokatuko dira: Aritz Lasa-Merino I / Jaka-Cecilio, Xala-Rezusta / Altuna III-Zubieta eta Apezetxea-Larrinaga / Gorka-Urruzola. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira berriemaileak.

Zuzeneko hiru emanaldiez gain, iragan igandean jokatutako Donostiako Maratoiaren laburpena egingo du Anartz Agirre 12:15ean, ETB4n.

Herri kirolen tartean, 16:00etan, ETB1en, binakako Eusko Label sariko aurrekanporaketan gertatutakoak erakutsiko dituzte Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek.

Azkenik, 20:15etik aurrera, erremonte eta zesta punta partida bana izango dira ikusgai ETB4n, Iñigo Aiestararen kontakizunarekin: Ezkurra II-San Miguel / Zeberio II-Barrenetxea IV (binakako txapelketako finalerdia) eta Olha-Suso / Iturbide-Leo (Gasteizko Torneoko ¾ postua erabakiko duena).

19:30etik 21:30era bitartean, futbol jardunaldiaren azterketa egingo du Mikel Olazabalek 'Gol Festa' saioan, Villarreal-Real Sociedad partidari arreta berezia eskainiz.