telebista
Audientzia
Euskal Selekzioa-Catalunya, eguneko saiorik ikusiena Euskadin
A.H.
EITB
Binakako pilota txapelketaren emanaldia euskaldunen artean audientzia- buru izan zen; Aupa Josu! filmaren estreinaldiak audientziaren babesa jaso zuen, eta 'Teleberri'k bere lidergoa sendotu zuen.
Euskal Selekzioa eta Catalunya taldeen arteko futbol partidaren emanaldia eguneko saiorik ikusiena izan zen Euskadin: %19,1eko audientzia zatia izan zuen eta %23,3koa euskaldunen artean. 548.000 ikus-entzulek egin zuten bat zuzeneko emanaldiarekin Euskadin eta eragin eremuan. Honenbestez, Euskal Selekzioak jokatzen duen partidarik ikusiena izan da azkeneko zortzi urteetan.
Horrez gain, Eibarren igande arratsaldean jokatutako binakako pilota txapelketako partidaren zuzeneko emanaldia audientzia-buru izan zen euskaldunen artean. Bengoetxea VI-Ibai Zabala / Altuna III-Merino norgehiagokak 206.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen eta %14,6ko audientzia zatia euskaldunen artean.
Bestalde, ETB2n, Borja Cobeagaren Aupa Josu! filmaren estreinaldiak harrera ona izan zuen igandeko ordutegi nagusian. Gorka Otxoa eta Carlos Areces aktoreak protagonista dituen filmak %10,2ko audientzia zatia eta 293.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zituen.
Amaitzeko, nabarmentzekoa da igandeko 'Teleberri'ren lehenengo edizioak lortutako audientzia datuak: %23,3ko audientzia zatia eta 284.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Euskal Telebistako albistegi zerbitzuak euren lidergoa sendotzen ari dira egunez egun, eta bi urte baino gehiago daramate audientzia-buru izaten.