Itxi

telebista

15:00ean

'Gartxot Itzaltzuko Bardoa' film euskalduna, gaur, ETB1en

EiTB

Helduentzako animaziozko film hau, Australia, Brasil eta Bulgariako zinema lehiaketetan saritua izan da.

ETB1ek Gartxot Itzaltzuko Bardoa filma emitituko du gaur, 15:00etatik aurrera. XII.mendeko konkista bat kontatzen duen animaziozko film euskaldun honek, Australia, Brasil, Frantzia eta Bulgariako zinema lehiaketetan jaso ditu sariak, besteak beste.

Gartxoten kondaira Euskal Herriaren historian zehar behin baino gehiagotan berreskuratu izan den arren, lehenengo erreferentzia idaztia Arturo Kanpionena da, XIX.mendeko idazle, euskaltzale eta historialaria. 1981ean, Benito Lertxundik “Itzaltzuko bardoa” abestiarekin kondaira hau ezagutzera eman zuen, “Altabizkar” diskoaren kaleratzearekin. Azkenik, 2011ko azaroan, “Gartxot” helduentzako marrazki bizidunen filma sortu zuten Asisko Urmeneta eta Juanjo Elorduik.

Gartxot Nafarroako Itzaltzu herriko bardoa da. Bardoa, herriaren oroimena, kultura eta ohiturak gordetzen dituen kantaria da. Orreagako abade berriak herri eta inguru horietako kultura lapurtu nahi ditu, erlijioan oinarritutako sistema inposatzeko. Horregatik, Gartxot deserriratu eta Mikelot, haren semea bahitu egingo du, latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko.

Mikelotek ihes egitea lortuko du eta aitarekin herriz herri kantatzeari ekingo dio. Baina, Elizak iraintzat hartuko ditu kantaldiak eta fraide-gerlariak bidaliko ditu aita-semeak harrapatzera.

Gartxot Itzaltzuko Bardoa, gaur, 15:00etik aurrera, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista