telebista
21:45ean
'Herri Txiki Infernu Handi' saioaren estreinaldia, gaur, ETB1en
A.H.
EITB
Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak Euskal Herriko herri tixkiak bisitatuko dituzte. Bertako biztanleak ezagutu eta herriko aretoan monologoa egingo dute izandako esperientzia azalduz.
Gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa estreinatuko du ETB1ek telebistan. Orio Produkzioak ekoiztetxearen eskutik, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak, Euskal Herriko herri txikiak bisitatuko dituzte, 'Herri txiki infernu handi' esaera zaharra hankaz gora jarriz. Sebastian Lizaso bertsolaria ere izango dute lagun bidaia honetan.
Denboraldian zehar, hamar herri bisitatuko dituzte, eta bakoitzean 15- 20 lagunekin izango dira. Euskal Herrian zehar egindako bidaia, Goizuetan (Nafarroa) hasiko da igande honetan, eta astero, herri txiki berri batean izango dira gure bi aurkezleak: Ea (Bizkaia), Aramaio (Araba), Errezil (Gipuzkoa), Arantza (Nafarroa), Elgeta (Gipuzkoa), Berriatua (Bizkaia), Arizkun (Nafarroa), Zenauri (Bizkaia) eta Igeldo (Gipuzkoa).
Herrietako biztanleekin egon ondoren, Zuhaitzek eta Pagadik herriko aretoan monologoa egingo dute herriaren aurrean, izandako esperientzia azalduz. Bakarrizketez gain, aretoan, Sebastian Lizaso bertsolariak herriaren nortasunari eta berezitasunei buruzko bertsoak abestuko ditu.
Erreportajea, bakarrizketak, umorea eta bertsoak uztartuko ditu 'Herri Txiki infernu handi' saioak, eta gaur estreinatuko da ETB1en, 21:45etik aurrera.