telebista
22:30ean
'Dinero fácil' filmaren estreinaldia, gaurko 'LND'n
EITB
Saioak, gainera, Michael Keaton aktorearen bizitza pertsonala eta ibilbide profesionala errepasatuko ditu.
Gaur gauean, 'La Noche de...'k Dinero fácil filma estreinatuko du telebistan, Suediako eleberri beltz onenetariko baten zinemarako egokitzapen bikaina. Daniel Espinosak zuzendutako lana da, eta Joel Kinnaman, Matias Padin, Dragomir Mrsic eta Lisa Henni ditu protagonista. Stockholm hiriburuko auzo arriskutsuenetan girotuta, emakume baten bat-bateko desagerpenak hiru kriminal elkartuko ditu helburu berarekin: Radovan mafiaburuaz mendekua hartzea.
Pelikula eskaini aurretik, Félix Linaresek zinema munduko egun-eguneko gaiak aztertuko ditu, besteak beste, Oscar sarietarako izendapenak. Urtero legez, izendatu guztien errepasoa egingo du; astearte honetan, Michael Keaton aktorearen bizitza pertsonala eta ibilbide profesionala aztertuko ditu.
Bestalde, Donald ahate ospetsua nazia zela erakutsiko du saioak Políticamente incorrecto atalean.
Amaitzeko, Ava Gardner aktore handiaren heriotzaren urteurrena betetzen den honetan, Hollywoodeko izar honen bizitza liluragarria eta heriotza dramatikoa gogoratuko ditu La muerte os sienta tan mal atalak.
'La Noche de... Dinero fácil' gaur izango da ikusgai, 22:25etik aurrera, ETB2n.