Itxi

telebista

Gaur, 22:30ean

'El Mundo según LND' saioa 'El pianista' filmarekin estreinatuko da

EITB

Felix Linaresek historiako gertakari garrantzitsuenak girotuko dituzten filmak eskainiko ditu, eta aurretik, testuinguru historikoaren eta protagonisten datu guztiak emango ditu.

Felix Linaresek 'El Mundo según LND' saioa estreinatuko du gaur gauean ETB2n. Historiako gertakari garrantzitsuenak girotuko dituzten filmak eskainiko ditu, eta bakoitza bere testuinguru historikoan kokatuko du 'La Noche de...'ren estiloan. Filmak ikus-entzuleentzat deigarri gertatu diren gaiei buruzkoak izango dira, eta efemeride bereziekin zerikusia izango dute.

Bigarren Mundu Gerra, Amerikako mendebaldeko konkistaren garaia, Gerra Zibila, Erromatar Inperioa, hondamendi naturalak... Ostegunero, gertakari historiko garrantzitsu bat gogoratu, eta urteetan zehar zineman zer-nolako tratamendua jaso duen azalduko du Felix Linaresek. Gaiarekin zerikusia duten pertsonaia historikoak zineman nola erakutsi dituzten aztertuko du, eta protagonistaren sekretu guztiak utziko ditu agerian.

Saioak, gainera, ¿Y los vascos qué? atala eskainiko du astero, aukeratutako film edo gai horietan euskaldunek izan duten papera erakusteko.

Lehenengo atala: Holokaustoa eta El pianista filma

Ostegun honetan, 'El Mundo según LND' saioak Poloniako okupazio naziaren garaira eramango ditu ikus-entzuleak El pianista pelikula sarituaren emanaldiarekin. Izan ere, urtarrilaren 27an, Auschwitzeko kontzentrazio-esparrua askatu zutela 70. urteurrena bete da, eta saioak naziek Bigarren Mundu Gerraren garaian egindako holokausto beldurgarria gogoratuko du irudien bitartez.

Roman Polansky zinemagileak gidatuta, El pianista filmak oso ondo islatzen du garai hartako juduen kontrako bortizkeria. Filmaren protagonista Adrien Brody aktorea da, eta Wladyslaw Szpilman piano-jotzaile poloniarraren papera egiten du. 2002an, aktore onenaren Oscar saria jaso zuen bertan egindako lanarengatik. Osteguneko saioak aktorearen ibilbide pertsonal eta profesionala errepasatuko du, eta Poloniako eta Hungariako familia judu batetik datorrela azalduko du. Nazien holokaustoaren garaian biktima asko izan ziren bere familian, eta, beraz, oso gertuko gaia da aktorearentzat.

Horrez gain, saioak kontzentrazio-esparruetan preso izan ziren 185 euskaldunen istorioak gogoratuko ditu. Horietako asko hil egin zituzten, baina beste batzuk heriotzari ihes egitea lortu zuten, modu harrigarrian. Felix Linaresek horien istorioak errekuperatuko ditu, eta, besteak beste, Kontxako hondartzan hegazkin nazi bati hartutako irudi harrigarriak eskainiko ditu ¿Y los vascos qué? atalean.

'El Mundo según LND' ostegunero izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.

ETB2n.