telebista
Gaur
Xala-Merino II / Urrutikoetxea-Ladis Galartza, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A.
EiTB
Leitzan jokatuko den aizkolarien binakako Eusko Label sariko 2. finalerdia ere zuzenean eskainiko da.
Eibarko Astelena pilotalekutik emitituko da, gaur, 'ETB Kantxa' saioa, 17:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Bertako partida nagusian, txapelketakoan, Xala-Merino II eta Urrutikoetxea-Ladis Galartza bikoteak izango dira aurrez aurre. Aurretik, Aritz Lasa-Irusta / Jaunarena-Merino I neurketa jokatuko da eta ondoren, Rico IV-Larunbe eta Gorka-Larrinaga artekoa. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.
Goizean, 12:30ean hasita, zuzeneko herri kirol emanaldia izango da ETB1en eta eitb.eus-en. Leitzan jokatuko den aizkolarien binakako Eusko Label sariko jardunaldiaren berri emango dute Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek. Bertan, Urrezko Mailako 2. finalerdia jokatuko dute Rekondok eta Erasunek, Kañamares III.aren eta Arkaitz Jauregiren aurka. Aurretik, Zilarrezko Mailako kanporaketan, lau bikote arituko dira lanean: Zubiaga-Kintana, Irazabal-Rodriguez II, Mindegia-Etxeberria II eta Pellejero-Telleria.
ETB1eko kirol eskaintza 'Gol Festa' saioak osatuko du. Mikel Olazabalek gidatzen duen kirol tarteak futbol jardunaldiaren azterketa egingo du, 19:30etik aurrera. Lehen Mailako hiru euskal taldeen jardunari tarte berezia eskainiko diote: Realak eguerdian jokatuko du Anoetan Sevillaren aurka; Athleticek Rayo Vallecano hartuko du San Mamesen, 17:00ean; eta Eibarrek Villarrealen aurka neurtuko ditu indarrak Castellonen, 19:00etatik aurrera.
Errugbia, arrauna eta erremontea, ETB4n
12etan, Gernika eta Hernani arteko errugbi partida izango da ikusgai ETB4n eta eitb.eus-en, Jon Ander Gorosperen eta Jose Felix Urrutiaren kontakizunarekin. Emanaldiaren ostean, 13:30ean, Oriako traineru jaitsieraren laburpena egingo du Ibon Gaztañazpik.
Azkenik, Matxin III-Zubiri / Ezkurra II-Aizpurua III erremonte neurketaren nondik norakoak ekarriko dizkigu, Iñigo Aiestaranek Manuel Arrizabalaga Matxin aditua lagun duela.