telebista
15:00etan
Euskal literaturan, kritikagintzaren egoeraz, gaur, 'Sautrela'n
EITB
Horrez gain, liburu denda eredu berrien inguruan arituko dira aste honetako erreportajean.
Anitzetan entzun dugu euskal literaturaren ajeetako bat dela kritikaren falta, kritikaren eskasia. Literatura txikia izaki, zaila omen da kritikagintzara modu zorrotz eta jarraian jarduten duten lagunak topatzea eta gaurko 'Sautrela'k gai honetan murgildu nahi izango du. Egin al du aurrera kritikagintzak? Zein ote zen haren egoera 80etan eta zein orain? Garapenik izan al du estilo, metodo eta abarretan? Ibon Egañak, egungo kritikari nabarmenetako batek, liburu bat idatzi du hain justu azken hogeita hamar urteetako hedabideetako euskal literatur kritika aztertuz. Izan gabe denaz izenburua du eta Utriusque Vasconiae argitaletxeak eman du argitara. Euskal kritikaren inguruko solasaldia izango du Hasier Etxeberriak berarekin.
Erreportajean, azken aldian sortutako liburu denda berrietako bi bisitatuko dituzte. Donostiako Garoa eta Iruñeko Katakrak. Liburu-denda eredu berri zabal baten adibide dira biak. Ze funtzio bete ote dute liburu dendek historian? Liburu saltoki huts izan ote dira? Eta, orain, argitaletxeen krisiaz entzuten ditugun oihartzunei jarraiki, bideragarriak ote dira liburu dendak? Hala balira, nola dira bideragarri? Aipatutako dendetako arduradun banaren iritziak ezagutuko ditu larunbateko 'Sautrela'k.
Beñat Sarasolak Pott bandako kideetako baten nobela ekarriko du, Joxemari Iturralderen Izua hemen. Trilogia bateko lehen alea izan zen hura, eta 36ko gerratik Frankoren heriotza arteko garaian dago kokatua, Finlandian lekututako jeltzale bat duela protagonista.
Joseba Sarrionandiaren elkarrizketaren azkeneko zatiarekin amaituko da saioa. Hondarreko horretan gure herriarenak izango ditu hizpide batik bat. Nola ikusten ote du Euskal Herria? Ze etorkizun izango ote du?
'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.
rong>en.