Itxi

telebista

Laburpena

Irantzuk Johana kanporatu du 'oilar itsua' jokoan, guanakoak salbatuz

'Tronkoala' jokoan ez zuten parte hartu guanakoek; pumek eta kondorrek, aldiz, gogotik borrokatu zuten. Nagorek eta Irantzuk izandako jarrerak, bestetik, berdeen taldea suntsitzea ekidin zuen.

Guanakoen eta pumen arteko tirabira gogorraren ondoren, Kortak eta Juanitok botatako hordagoak ez zuen atzera bueltarik. Berdeek ospa egin zuten, inmunitate jokoan parte hartzeari uko eginda eta, hortaz, kanpamentu oso pobrera joan behar zuten. Haserrealdia, baina, ez zen hor bukatu; guanakoak kanpamentura joateari ere ezetz esan zioten eta abentura uzteko mehatxua egin zuten, euren janariaren zakua berreskuratu ezean.

Haginkadak "tronkoala" jokoan

Bien bitartean, pumek eta kondorrek gogotik borrokatu zuten "tronkoala" jokoan, eta haginkadak ere izan ziren. David Secok ere indarrak ahitu arte borrokatu zuen, asko baitzen jokoan zutena; baina, pumek lortu zuten garaipena beste behin ere, aste lasaia eskuratuz. Urdinak, ostera, fisikoki zein psikologikoki jota gelditu ziren, zer etorriko zen zen ez zekitela.

Nagorek Maritxalarrekin hitz egin zuen

Negarrak eta aieneak tarteko, guanakoak euren horretan jarraitzen zuten, burugogor, harik eta Nagore pumengana joan eta Manu Maritxalarrekin hitz eginda, janariaren zakua berreskuratu zuen arte.

Guanakoen zoritxarra, baina, ez zen hor bukatu, izan ere, dena konpondu zela zirudienean, eta taldea kanpamentu oso pobrera joatekoa zenean, abentura utziko zuela jakinarazi zuen Naik.

Naik jarraitu egingo du, baina Secorekin

Julianek zergatia galdetuta, Korta eta Juanito ezin zituela gehiago jasan eta horregatik utziko zuela abentura adierazi zuen Naik; portugaldarra prest zegoen abenturan jarraitzeko, baina beste talde batean, David Secoren taldean, zehazki, beti ere urdinek haren etorrera onartzen bazuten, noski.

Bada, kondorrek pozarren hartu zuten Nai, gogoko zutelako eta gai zela uste zutelako batetik, eta taldean beste kide bat gehiago izatea euren egoeran lasaitasun handia zelako bestetik.

Pumek Johana bidali zuten lehiara

Gertatutakoaren berri izan gabe, Johana hautatu zuten lehiarako pumek; hartara, guanakoei irabazteko bidea erraztuko zietela uste zuten, kondorren desagerpena bultzatuz.

Kondorrek, bestetik, Borja (zakua galdu izanaren ustezko erruduna) eta Irantzu aukeratu zituzten; Kortak eta Juanitok, aldiz, Maixa aukeratu nahi zuten, taldean zuten kiderik deserosoena baitzen eurentzat.

Johana vs. Irantzu "oilar itsua" proban

Johanak Irantzu aukeratu zuen "oilar itsua" proba erabakigarria jokatzeko. Biek zituzten dohain onak:  Johanak, bere neurriagatik eta azkartasunagatik, distantzia laburretan mugitzeko hobea zirudien; baina, Irantzuren indarra eta gorpuzkera ere ez ziren balio gutxikoak. Azkenean, Irantzuren joko onak erabaki zuen dena, defentsarako taktika erakutsi zuen eta horixe izan zen erabakigarria.

Harrigarria dirudien arren, guanakoak ia kalterik hartu gabe atera dira botatako hordagotik; egia da Nai galdu dutela, baina hori iraganeko kontua da jada eurentzat. Johanarekin alde egitearen aurrean, bestetik, kondorrei bizia eman die Nai eurekin izateak. Bien bitartean, zortearen erruletan opari gisa jasotako koltxoiagatik borrokan dira pumak, Manu Maritxalarrek beretzat hartu baitu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista