telebista
17:15ean
Unax Ugalde eta Carmelo Gomez, 'Baztan' filmean, gaur, ETB1en
EITB
Unax Ugalde eta Carmelo Gomez dira filmaren protagonistak, eta Baztanaldean agotek jasandako diskriminazioa du ardatz.
ETB1ek Baztan filma eskainiko du gaur arratsaldean. Iñaki Elizalde zinemagilearen lehenengo luzemetraia da, eta Unax Ugalde eta Carmelo Gomez aktoreak protagonista ditu. Gai ezaguna jorratzen duen arren, gehiengoak gutxiengoa suntsitzen du, askorentzat ezezaguna den arraza-diskriminazio bortitzaz arituko da: hainbat mendetan zehar Baztanaldean agotek jasandako jazarpena.
Film labur eta dokumental entzutetsuen egilea da Iñaki Elizalde zuzendaria (Patesnak, Un Cuento de Navidad, El olvido de la memoria..) eta formatu luzera pasa da Baztan filmarekin. Zinea, zinearen barruan errekurtsoa erabili du bertan, eta 2011ko udazkenean errodaje talde batek Baztan bailara ezkutura egindako bidaia erakusten digu: XVII. mendearen hasieran, lurralde haietan izandako gertakari ilunei buruzko filma grabatu behar du taldeak, baina errodajea burutu eta bertako biztanleekin bizitza partekatu bitartean -horietako batzuk aktoreak dira filmean -, hamar mende beranduago, oraindik bailarako bizitzan irauten duen arraza-diskriminazioa aurkituko dute. Honako hau, Unax Ugaldek hezurmamitzen duen Joxe pertsonaiaren inguruko istorioa da; gizon gazte hau berak eta bere arbasoak agotak izateagatik jasandako diskriminazioaren kontra altxatzen da.
Zuzendariak horrela, bi ikuspuntu emango dizkigu agoteek jasandako diskriminazioaz: gaur egungoa (grabazio taldeko kideen eskutik), eta gertakari bortitz haiek izan ziren garaikoa (grabatuko duten filma hori XVII. mende hasieran girotuta baitago, eta orduko ohitura eta basakeria erakutsiko du).
Agoteak Baztango bailaran gaitzetsitako arraza izan ziren, eta euren aztarnak ez daude guztiz argi. Bizi izan zuten marjinazioa izan zen beraien nortasunaren seinarik aipagarriena. Ghetto baten antzeko gunean bizi ziren, eta debekatuta zuten elizara sartu, zein hilerrian ehortziak izan. Gainera, bailaran gertatzen ziren gaitz guztien errudun hartzen zituzten.
Baztan filma gaur eskainiko da 17:15etatik aurrera ETB1en.