Por Fin Viernes
22:30ean
Athletic-Bartzelona Kopako finala hizpide,'Por Fin Viernes' saioan
EITB
Gainera, aztertu egingo dute boto estimazioaren berri ematen duten inkestek mapa politiko berrian hartu duten garrantzia.
Gaur gauean, 'Por Fin, Viernes' saioan, Athleticek eta Bartzelonak maiatzaren 30ean jokatuko duten Errege Kopako finala izango dute hizpide.
Lehendabizi, Esperanza Aguirreren artikulua iritsi zen. Eskaria egin zuen partida bertan behera uzteko, jendea Espainiako ereserkiari txistuka hasiz gero. Ideia horrekin bat egin zuen Javier Tebasek, Futbol Profesionaleko Ligako presidenteak. Ondoren, Alerta Digital TVko 'La Ratonera' saioan, "txerri" eta "arratoi separatista" hitzak erabili zituzten finalera joango diren katalanak eta euskaldunak definitzeko.
Finala bertan behera uzteko arriskurik dago Espainiako ereserkiaren eta erregearen kontrako txistuak entzuten badira? Euskaldunen eta katalanen kontrako korrontea dagoela erakusten al dute adierazpen horiek guztiek? Hauteskunde garaiko populismoaren eta demagogiaren ispilu al dira?
'Por Fin, Viernes' saioan, horri guztiari buruzko eztabaida egingo dute Javier Clemente entrenatzailearekin, Iturralde González epaile ohiarekin eta Juan Carlos Soto kirol abokatuarekin. Gainera,"euskaldunen kontrako fobia"ri buruzko aditu baten iritzia ere bilduko dute: Javier Vizcaíno 'Cocidito Madrileño' irratsaio ezagunaren sortzailearena, alegia.
Gai horrez gain, hauteskunde urte dugun honetan, mapa politiko berria sortzeko boto estimazioaren berri ematen duten inkestek hartu duten garrantzia aztertuko dute saioan. Inkesta guztiek aurreikusten duten eraldaketa gertatuko al da hauteskundeetan edo "espekulazio burbuila bat" besterik ez da?
Horri guztiari buruz hitz egiteko, Nicolás de Miguel Ciudadanosek EAEn duen ordezkaria eta Juanjo Domínguez politologoa izango ditu alboan Silvia Intxaurrondok.
Bestalde, Hassana Aaliak elkarrizketa emango du, lehen aldiz, zuzenean Euskadin. Marokon biziarteko espetxe zigorra jaso zuen gazte sahararra da. Bera bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten, eta azken urteetan gurean bizi da. Askatasunaren aldeko borrokari eta giza eskubideei buruz hitz egingo du. Haren alboan izango da Esteban Beltran Amnistia Internazionala elkarteko kidea.
Gai horretan sakontzeko, Gurutze Irizar Fatimetu ere elkarrizketatuko du Silvia Intxaurrondok. Ormaiztegiko erizain hori Hassanari laguntzen ari zaio; izan ere, borrokan dabil 1970eko hamarkadan saharar batekin ezkondu zenetik.
'Por Fin, Viernes' 22:30ean izango da ikusgai, ETB2n.

