Itxi

telebista

Gaur

Estropadak, txirrindularitza eta pilota, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Portugaleteko Ambilamp Bandera, Frantziako Tourreko 15. etapa eta 5 ½ko pilota torneoa eskainiko ditu ETB1ek. ETB4n, berriz, pilota afizionatuak, erremontea eta zesta-punta.

0:18

Gaur, Ambilamp Bandera jarriko dute jokoan Portugaleten, eta goizeko 12:30etik aurrera San Miguel Ligako estropada jardunaldia eskainiko du Euskal Telebistak zuzenean. Aurretik, emakumezkoen Euskotren Ligako bandera izango da ikusgai, 12:00etan. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak egingo dute zuzeneko emanaldiaren kontakizuna, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bazkalostean, Tourra eta pilota

Egunero bezala, Frantziako Tourrarekin bat egingo du ETBk, Mende eta Valence herrien arteko 183 kilometroko hamabosgarren etapa eskainiko da. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak emango dute etaparen berri zuzenean, 14:10ean, ETB4n; eta 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Tourraren emanaldiaren ondoren, Mallabiara joko dute, zuzenean, bertan jokatuko den pilota jaialdiaren berri emateko. Berasaluze II-Untoria eta Ezkurdia-Merino II bikoteek jokatuko dute bost t'erdiko txapelketa partida; eta aurretik, Julen Retegi-Tolosa / Irribarria-Irusta atariko neurketa eskainiko da. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Ibon Gaztañazpik egingo dute kontakizuna.

ETB4n, pilota, zesta-punta eta erremontea

Master Kaiola pilota afizionatuen torneoaren finalak eskainiko ditu ETB4k, 12:10etatik aurrera, Iñigo Aiestaranen eta Iker Ormaetxeren kontakizunarekin.

Arratsaldean, 19:30etik aurrera, San Fermin erremonte txapelketaren partida izango da ikusgai: Zeberio II-Zubiri / Ezkurra II-Endika. Juanan Legorburu eta Manuel Arrizabalaga 'Matxin' izango dira komentaristak.

Ondoren, Gernikako zesta-punta saria eskainiko da, Hormaetxea-Minvielle / Olharan-Alliez I; Iñigo Aiestaranen eta Jon Zulaikaren kontakizunarekin.