Itxi

telebista

23:15ean

Gero Axular dantza taldearen 'Itzal galdua' ikuskizuna, gaur, ETB1en

EITB

Karlistaldien ondoren Mauleko espartin lantegietara jo behar izan zuten hainbat nafarren istorioa biltzen du.

0:19

Gero Axular dantza taldearen Itzal galdua ikuskizuna eskainiko du ETB1ek gaur, 23:15ean. Donostiako taldearen ikuskizun berriak karlistaldien ondoren Mauleko espartin lantegietara jo behar izan zuten hainbat nafarren istorioa biltzen du. Emanaldia martxoaren 28an grabatu zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

1900. urtean, karlistaldiak amaitutakoan, gogor jo zuen krisiak Hego Euskal Herrian. Ondorioz, nafar askok Mauleko espartin lantegietara jo behar izan zuten lan bila. Etxean ez zuten bizitzeko adina, eta, beraz, are gutxiago ikasketak egiteko. Orduko batzuen hitzetan, batzuek euren itzala deabruari ematen zioten seme-alaben ikasketak ordaintzeko behar zutenaren truke.

Hala egin omen zuen beste garai batean Axularrek berak ere. Kondairaren arabera, Axularrek itzalik gabe bizi behar izan zuen Salamancan ikasteagatik. Baina bera prest agertu zen itzala galtzeko ere, buruan helburu handi bat baitzuen: Euskal Herrira itzuli eta kanpoan eskuratutako jakituria hori hona ekartzea.

Oso antzekoa da Itzal galdua kontakizunaren protagonistaren istorioa. Alabaina, itzalgabe hau Zaraitzukoa da, Otsagabikoa, hain zuzen ere. Ikasketak amaitutakoan, Nafarroa defendatzera itzulitako gaztea da bera. Haatik, nork eskatuko dio itzala? Nor izango du itzala kenduko dion deabru hori?

Juan Luis Unzurrunzaga da ikuskizunaren zuzendaria, baita dantza maisua eta koreografoa; Lara Mitxelenak zuzendu ditu musikariak, eta Ane Martinez da jantzien arduraduna. Talde teknikoa gidatzen, Roberto Gonzalez (soinua) eta Aitor Azkuna eta Javier Sainz de Murieta (argia) daude.

2004. urtean Donostiako Axular ikastolako guraso batzuen eskutik sortu zen Gero Axular dantza taldea, gure kultura gorde eta, zaindu ez ezik, lantzeko eta bultzatzeko asmoz. Euskal dantzak gaurkotuz, musikaz apainduz, argiz margotuz eta gaur egungo tresnak eta teknikak baliatuz, ikuskizun moderno, erakargarri eta hunkigarriak sortu dituzte. Itzal galdua, Gero Axular dantza taldearen seigarren lana, gaur gauean izango dugu ikusgai ETB1en.