Itxi

telebista

Laburpena

'Wazungu'ak, bikoteka banatuta Namibeko basamortuan

"Safari Wazungu"ren lehen atalean saioko zortzi lehiakide ahotsuak ezagutu ditugu, Namibeko basamortuan.

"Safari Wazungu", Inoiz izan den safaririk zoroena, abian da jada, eta, itxura guztien arabera, inor ez du epel utziko. Zortzi lehiakideek eta Gotzon Mantuliz aurkezleak Namibeko basamortuan hasi zuten safaria eta Gotzonek azaldu digunez, honako hiru herrialdetan zehar ibiliko dira: Namibian, Botsuanan eta Zimbabuen.

Saioa hasi eta batera, barre egin dugu Coman lehiakidearekin, bertakoa izan harren Afrikari buruz ezer gutxi dakiela argi geratu baita. Halaber, 'La Cigüeña' abestia ere kantatu digu, haren arbasoen omenez. Irungo lehoiari Begoña Alonsoren bikotea izatea egokitu zaio; Barakaldoko mexikarrak, bestetik, zalantzak izan ditu euskalduna edo espainiarra den argitzeko.

Eduardo Iturralde González lehiakidearekin ere barre ugari egin dugu, izan ere, Leo Messiri txantxa bat egin ziola kontatzeaz gain, safari batean ipurdia nola garbitu behar den ere azaldu zigun arbitroak. Kirol-epaileak Eduardo Gabiña izango du bikotekide eta hark irudikatzen duen pertsonaia, Yogurinha Borova, Pokemon eta Kinder neska gisa aurkeztu zaigun transformista.

Emakume txundigarriekin jarraituz, hainbat arlotan aritzeko gai dela erakutsi digu Arantza Garcés lehiakideak, izan ere, modelo gisa aritzeaz gain, Euskal Herriko eraikinik altuenak ere eskalatu ditu. Kazetaria Yong Li munduko euskal txinatarrik ezagunenarekin batera izan da kanpin dendan. Irundarrak, bestetik, lotsagabea dela argi uzteaz gain, bere itzalari ere beldurra diola erakutsi digu.

Azken bikotea Virginia Berasategi triatletak eta Ramón Roteta sukaldariak osatutakoa da. Batak zein besteak duten irudi atseginaren pean izaera sendoa dutela erakutsi digute; sukaldariak eztabaida izan du Comanekin sua dela eta ez dela. Basamortuaren erdian komun baten bila aritzean, gainera, dotorezia oro galdu du saioko dandyak.

Behin gure 'Wazungu'ak aurkeztuta, baliteke datorren astean giro on guztia bukatzea, euren arteko lehia abiatzean. Igandean ikusiko dugu, 'Safari Wazungu' saioaren hurrengo atalean, 22:15etik aurrera, ETB2n.