telebista
''Safari Wazungu'': 2. atala
Arantza, Yong Li eta Roteta, esploratzaile onenaren zerrendan buru
Arantza eta Yong Li lehen jokoaren irabazleak daude esploratzaile onena izateko rankineko lehen postuan, bina punturekin. Ondoren, Roteta dago, puntu bakarrarekin.
Lehiakideek Duna 45 mitikoa buruan zuten Namib basamortuan igaro zuten lehen gauean. Orduan, xamana iritsi zen, eta lehiakideak bikoteka banatu zituen. Horrela egin zuten lo esploratzaileek, binaka, eta Roteta lapikoekin sortzen ari zen doinu afrikarrekin esnatu ziren biharamunean. Gauez sua zela eta ez zela izandako eztabaida ahaztuta zuten lehiakideek. Comanek protagonismo handia hartu zuen, eta electro-jungle abeslariaren diskurtso amaigabeak kritikatzen hasi ziren gainerako lehiakideak.
"Safari Wazungu"ko lehen erronkaren ordua iritsi zen: Duna 45 ikaragarria igo behar zuten. Bestalde, jokoaren arauen berri eman zien Gotzonek lehiakideei: bikote irabazleak bi puntu irabaziko ditu, erosotasun ugari izango dituzte, eta ez dute kanpamentuan lan egin beharrik izango. Gainera, sari sorpresa eramango du joko bakoitzaren irabazleak.
Gotzonek aurreikusi bezala, dunaren igoera oso gogorra eta espedizioko kide gehienentzat oso nekagarria izan zen. Coman eta Begoña indartsu abiatu ziren, baina dunaren erdialdean gelditu ziren. Virginia Berasategi Rotetari laguntzen eta sukaldaria animatzen aritu zen. Yong Li iritsi zen lehena, Yogurinha bigarrena, eta Arantza hirugarrena. Beraz, bikote irabazlea bagenuen: Yong Li eta Arantza. Une horretan, Begoñari kasu egitea erabaki zuten Comanek, Ramonek eta Virginiak, eta igoera bertan behera utzi zuten, alferrik ez nekatzeko. Iturralde iritsi zen laugarren postuan, oso ahuldurik baina umore onez.
Bikote irabazlearen lehen sariaz ederki gozatu zuen Arantzak. Halere, Yong Lik nahiago zuen jateko zerbait eman izan baliete desertutik helikopteroz hegaldia egin baino. Kanpamentura itzuli zirenean, oheak aurkitu zituzten beren dendan, ur beroarekin dutxatu ziren eta Roteta afaria prestatzen ari zitzaien, Comanek bere burua boluntario eskaini bazuen ere jatekoa egiteko.
Gotzonek ezustekoa eman zien lehiakideei: bikote bakoitzak himba tribuko lepoko bat jarri behar zion etapan zehar jarrera onena izan zuen lagunari. Arantzak eta Yong Lik Virginia saritu zuten jokoan zehar Ramon animatzeagatik; "Eduek" Ramoni eman zioten koilarea egindako esfortzuagatik; Comanek eta Begoñak Yogurinhari eman zioten saria, eta Ramonek eta Virginiak Iturralderi, taldean beti giro alaia sortzeagatik. Berdinketa egon zen lau lehiakideren artean, eta lehiakideek eurek hautsi behar izan zuten. Azkenik, Ramoni eman zizkieten lau lepokoak, eta lehiakideen lehen puntua berarentzat izan zen. Beraz, Arantza eta Yong Li daude esploratzaile onenaren zerrendan lehen postuan, bina punturekin, eta Roteta dago hirugarren, puntu bakarrarekin.
u bakarrarekin.