telebista
22:30ean
'40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea' dokumentala, gaur, ETB2n
A.E.
EiTB
Xabier Madariaga kazetariak aurkeztuko du lana, Ander Iriarteren zuzendaritzapean.
40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea dokumentala eskainiko du gaur ETB2k, Xabier Madariaga kazetariak aurkeztuta eta Ander Iriarteren zuzendaritzapean. Irailaren 27an, 40 urte bete dira Juan Paredes Txiki eta Anjel Otaegi fusilatu zituztenetik. ETAko bi kideak Frankismoaren azken fusilatuak izan ziren, baina zer dakigu haiei buruz? Zergatik fusilatu zituzten? Nolakoak izan ziren haien azken orduak? 40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea dokumentalak galdera horiei guztiei erantzungo die.
Txikirekin eta Otaegirekin harreman zuzena izan zuten hiru lagunen elkarrizketak ikusi ahal izango dira dokumentalean: Mikel Paredes, Txikiren anaia; Jose Manuel Bujanda, Txikiren komandoko kidea izandakoa; eta Santi Zapirain, Angel Otaegiren komandoko kidea.
Orain dela 40 urteko epaiketa hartan heriotza zigorrera kondenatu zeuden FRAPeko bi kideren testigantza ere jaso du 40/24 dokumentalak. Manuel Blanco Chivite eta Vladimiro Fernandez azken orduan libratu ziren heriotza zigorretik, eta haien esperientzia nolakoa izan zen ere azalduko dute dokumentalean.
Garai hartako testuingurua hobeto ulertzeko, Luis Eduardo Aute abeslariarengana jo dute dokumentalaren egileek. Auteren 'Al Alba' kanta heriotza zigorraren kontrako alegatu bihurtu da, eta Txikiren eta Otaegiren fusilamenduen garaian du jatorria.
Azkenik, hilketa haien egileak zigortzeko Argentinak jorratu duen bidearen berri jakin ahal izango da dokumentalean, Carlos Slepoy abokatuaren ahotik.
40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea, 22:30ean izango da ikusgai, ETB2n.