telebista
Gaur, 22:30ean, ETB2n
Olibondoak zartakatuko dituzte euskaldunek Andaluzian, 'TANYAS' saioan
EiTB
Lehiakideak kanporatuko dituzte aste honetan ere 'Tú Al Norte y Yo Al Sur' saioan.
Natalia Roigen eskutik, Jaenera helduko dira Andaluzian barrena dabiltzan lehiakide euskaldunak, Martosen parada egiteko. Oliba-olio birjina egiten jaun eta jabe dira han, eta 'urre likidoa' lortzeko prozesu guztia erakutsiko diete. El Madroño izeneko finkan oliba-olioaren mota desberdinak ezagutuko dituzte, baita denak dastatu ere. Jakingo ote dute olioak bereizten, behin denak dastatu ostean? Dastatu baino lehen, baina, olibondoak zartakatu beharko dituzte, 40 graduko tenperatura dutela.
Ardalesera itzuli ondoren, erronka beri bati egin beharko diote aurre lehiakide euskaldunek. 200 ahuntz jetzi beharko dituzte esne apur bat lortze aldera. Barre-algaraka bukatuko dute, ahuntzak alde egiten saiatzen diren bitartean.
Bitartean, Andaluziako lehiakideek sorpresa bitxi bat izango dute baserrian: sukaldea itxita aurkituko dute, eta gosaririk gabe geratuko dira. Kaferik ez, beraz, goizean goiz. Andaluziarrek Gorka Aginagalderekin egingo dute topo, eta Euskal Herrian hainbeste maite dugun ekintza bat egitera eramango ditu: mendira joango dira. Pagoeta ezagutuko dute, hamaiketako eta guzti. Tontorrera helduz gero, altxorra lortuko dute.
Eta eguna bukatzeko, segan egiten ikasi eta lan hori egin beharko dute, euripean. Euren arteko lehia hasiko da erronka horrekin.
Joan den astean Antoniok eta Marianek utzi zuten ETB2ko realitya, eta aste honetan ere beste bi lehiakidek esango diote agur abenturari. Ez galdu! Adi-adi jarraitu beharko duzu 'Tú Al Norte y Yo Al Sur' realityaren gaurko programa, 22:30etik aurrera, ETB2n!