telebista
22:30ean
'El valor de la autocritica' dokumentala, gaur gauean, ETB2n
EITB
ETAkide ohien, IRAko kide ohien, eta Brigada Gorriak taldeko kide ohien hitzak bildu dituzte, besteak beste, Karmelo Vivancok zuzendutako lanean.
El valor de la autocritica Karmelo Vivancok zuzendutako dokumentala eskainiko du gaur gauean, 22:30etik aurrera, Euskal Telebistaren bigarren kateak. ETAkide ohien, IRAkide ohien, eta Brigada Gorriak taldeko kide ohien hitzak bildu dituzte, besteak beste, lan horretan.
Carmen Gisasola ETAkide ohiaren testigantzak emango dio hasiera dokumentalari. 80ko hamarkadaren amaieratik, ETAren aktibitarearen inguruko autokritika bortitza egin eta disidentzia praktikatu du Gisasolak, beste ETAkide ohi batzurekin batera. Andoni Alzak eta Andoni Diaz Urrutiak (KAS erakundeko taldekide ohia) ere hitz egin dute dokumentalean. Aske daude hiru pertsona horiek gaur egun, eta 'Langraiz Bidea' ETAko presoak birgizarterako prozesuan hartu dute parte.
Testigantza horiez gain, ondorengo pertsonekin ere hitz egin dute lana osatzeko: Martin Snoddonekin (Ulster Volunteer Force -UVF- taldeko kide ohia), Ronnie McCartneyrekin (IRAko kide ohia), Adriana Farandarekin (Brigada Gorriak taldeko kide ohia), Josu Elesperekin (bere aita, Froilan Elespe, 2001. urtean erail zuen ETAk), Xabier Etxebarriarekin ('Langraiz Bidea' osatzen duten presoen abokatua) eta Victoria Campsekin (Etikako katedradun emeritua, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan).
Baleukok ekoitzi du 63 minutuko dokumentala, disidenteen ingurukoa, Karmelo Vivancoren zuzendaritzapean. Hodei Zambrano izan da errealizadorea, baita gidoigilea ere. Azken eginkizun horretan Humberto Unzuetaren laguntza izan du. Azkenik, Idurre Cajaraville eta Zuriñe Álvarez izan dira produktoreak.
El valor de la autocritica eskainiko du gaur ETB2k, 22:30etik aurrera.