telebista
23:00etan
'Jon Salaberri' erreportajea, gaur gauean, ETB1en
EITB
Hiesaren kontrako borrokan aitzindari ausarta izan zen Jon Salaberriren bizitza eta borroka gogoratuko du saioak.
-
Jon Salaberri
Hogei urte joan dira hiesaren kontrako borrokan aitzindari ausarta izan zen Jon Salaberri hil zenetik, eta, hori dela eta, ETB1ek haren bizitza eta borroka bilduko duen Jon Salaberri erreportajea eskainiko du gaur gauean .
Salaberriren inguruko hainbat testigantza jaso dituzte erreportajean, besteak beste, hauek arituko baitira bertan: Idoia Salaberri arreba, Aitor Iturriaga eta Txerra Bolinaga lagunak, Domi Korta eta Josu Unanue lagun eta lankideak. Halaber, Jose Manuel Agud medikuak eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak ere Salaberriren gaixotasunaren kontrako borroka gogoratuko dute.
Horrez gain, artxiboko irudiek Jon Salaberriren borroka nolakoa izan zen erakutsiko dute, hark emandako prentsaurrekoak, egindako adierazpenak, herriko plazan biribilketan herritarrez inguratuta, omenaldia jasotzen, etab. Horrez gain, 'Rifi-Rafe' telebista-saioan izandako agerpenak eta Maider Egues kazetariak hil baino hilabete batzuk lehenago egin zion elkarrizketaren tarte batzuk errekuperatuko ditu saioak. Bertan, Salaberrik neke handiz hitz egingo du bizitzaren ederraz.
Goiena Telebistak ekoitzitako erreportajeak 2015eko Rikardo Arregi Kazetaritza saria jaso du, eta gaur izango da ikusgai ETB1en, 23:00etatik aurrera.