telebista
Kirol eskaintza zabala
Saskibaloia, aizkolariak eta pilota, igandean, ETB-1en
A.A.
EITB
ETB-3n nesken eskubaloiko Erreginaren Kopako finala emango da zuzenean eta Emakumeen Saskibaloi Ligako partida bat.
Euskal Telebistak kirol eskaintza zabala prestatu du igande honetarako. ETB-1en ACB Ligako saskibaloi partida, Urrezko Aizkolarien finala eta Eskuz Binakako Txapelketako kanporaketa izango dira ikusgai. ETB-3n, berriz, nesken eskubaloiko Erreginaren Kopako finala izango da ikusgai.
12:30etan, BECetik zuzenean, Bizkaia Bilbao Basket eta Lagun Aro GBC taldeen arteko derbia eskainiko da. ACB Ligako partidaren nondik norakoak. .Xabier de la Fuente, Josean Aldalur eta Jokin Etxebarriak ekarriko dituzte.
15:35ean Urrezko Aizkolarien finalak izango dira ikusgai, bezperan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutakoak. Lehen mailan, Larretxea aita-seme nafarrek, Olasagasti eta Etxebeste igeldotarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Lehia gogorra espero da, finalerdietan egindako denborak ikusita. Gazteen mailan, Zilarrezkoan, txapelaren bila aterako direnak nafarrak eta gipuzkoarrak dira baita ere. Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano batetik eta Ugaitz eta Aratz Mugerza bestetik. Koldo Aldalur eta Angel Arrospide izango dira berriemaile.
Arratsaldeko bostetan Eibarko Astelena pilotalekuan izango dira ETBko kamerak. Xabier Euzkitze eta Joxan Tolosaren eskutik, bi neurketa jarraitu ahal izango dira: lehendabizi, Promozio Txapelketari dagokiona, Olazabal-Arruti / Urrutikoetxea-Peñagarikano eta ondoren, Eskuz Binakako Txapelketakoa, Olaizola II-Mendizabal II / Gonzalez-Laskurain.
ETB-3n, eguerdiko 12:30etan hasita, nesken eskubaloiko Erreginaren Kopako finala emango da zuzenean. Iñigo Aiestaran eta Jose Inaxio Altubek egingo dute kontaketa.
Arratsaldeko hiruretan, Emakumezkoen Saskibaloi Ligako 21. jardunaldiko partida izango da ikusgai ETB-3n: Hondarribia-Irun taldeak, Mann Filter Zaragozaren aurka jokatuko duena. Jokin Etxebarria eta Unai Zamalloa izango dira berriemaile.