prentsa oharrak
Ostegunetik aurrera
Aste Santuko elizkizunak ETB-1en
A.A.
EITB
Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea elizatik emango dituzte Ostegun eta Ostiral Santuko elizkizunak eta Pazko igandeko meza.
Ohi denez, Aste Santuko elizkizunak Euskal Telebistan jarraitzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea elizatik egingo dira emanaldiak ETB-1en, Ostegun eta Ostiral Santu egunez 18:30ean eta Pazko igandean 10:30etan.
Ostegun Santuko ospakizuna Pazko Hirurrenaren atarikoa da. Ondorengo egunetan, Jesukristoren bizitzan gertatu zirenak sakramentuen bidez adierazi eta gertaberritzen dira. Jesusek bere ikasleekin egindako Azken afaria ospatzen dute fededunek. Esanahi handiko bi gauza egin zituen bertan Jesusek: batetik, ikasleei oinak garbitu zizkien eta, bestetik, jateko ogia hartu, zatitu eta eman egin zien, baita edateko kaliza ere.
Ostiral Santuan, berriz, elizkizun berezia egiten da urtero. Jesusen bizitzako azken ostiralean gertatukoak gogoratzen dira, eta Jesusen nekaldia eta heriotza gertaberritzen dira. San Joanek Ebanjelioan gertaera horiei buruz egin zuen kontakizuna entzuten da. Elizaren eta mundu guztiko beharren alde otoitz egiten da gero. Hirugarren pausoa, guztion salbamenerako, Kristo gurtzea da. Azkenik, Jaunartzea egiten da, eta fededunek Jesus Kristoren ikasle eta jarraitzaile izan nahi dutela adierazten dute.
Pazko igandean Jesusen piztuera ospatzen da: "Jainkoak Jesus hilen artetik berpiztean, bizi berria ematen dio; ez da gehiago hilko, eta betiko bizirako bidea zabaltzen digu gizaki guztioi". Berri ona da egun horretako ospakizunaren muina, kristauen fedea eta itxaropena horretan oinarritzen baita.

