telebista
Gaur, 22:30ean
'EiTB Focus' inkestaren emaitzak aztergai, 'Minuto a Minuto' saioan
A.H. | EITB
EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos-Ahal Dugu eta UPyD alderdietako ordezkariek boto asmoari buruzko inkesta publikoaren emaitzak aztertuko dituzte.
Gaur gauean, 'Minuto a Minuto' saioak boto-asmoari buruzko 'EiTB Focus' inkestaren lehenengo atalaren emaitzak aztertuko ditu alderdi politiko ezberdinetako ordezkariekin. Andoni Ortuzar (EAJ-PNV), Hasier Arraiz (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Borja Semper (PP), Nagua Alba (Podemos-Ahal Dugu) eta Gorka Maneiro (UPyD) bilduko dira mahai inguruan, Aintzane Bolinagak gidatuta. Halaber, Ion Urresti soziologoa (GIZAKER), inkestaren zuzendaria, platoan izango da 'EITB Focus' inkestaren datuak azaltzeko.
Gizaker enpresak EiTBko albistegi zerbitzuentzat egindako inkesta da 'EiTB Focus', boto-asmoari buruzko inkesta publiko handiena, eta hainbat atal izango ditu. Ostegun honetan, lehenengo atalaren emaitzak emango dira ezagutzera.
Atal guztietan egin dituzte honako gai hauei buruzko galderak: giro politikoa, euskal lider politikoen gaineko iritzia, hauteskunde autonomikoen gaineko boto-asmoa, balizko itunen inguruko iritzia eta Espainiako Estatuko balizko hauteskundeen inguruko. Horrez gain, inkestaren atal bakoitzean gai jakin bati buruzko galderak ere egingo dira. Lehenengo atal honetan, hezkuntza Euskadin aztertuko dute, alde eta ikuspegi ezberdinetatik.
Horrez gain, 'Minuto a Minuto' saioko lantaldeak hautetsontzi bat aterako du kalera, herritarrek lehendakarigai onena aukeratu dezaten. Bozketak buruzagi politikoen balorazioa egiteko ere balio izango du. Jarraian, erreportaje baten bitartez, hautagai onenak nolakoa izan behar duen azalduko dute.
Azkenik, datuak baloratzeko Bingen Zupiria (Deia), Iñaki Soto (Gara) eta Lourdes Perez (Diario Vasco) kazetariak izango dira saioan.
'Minuto a Minuto' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.
strong> strong>