prentsa oharrak
22:00etatik aurrera
"Oh Happy Day"ren final handia, larunbatean ETB-1en eta eitb.com-en
E.O.
EITB
Eibar, Astigarraga eta Mallabiko taldeen artean dago "Oh Happy Day"ko aurtengo irabazlea. Ikusleek parte hartu duten bederatzi taldeen artean gustukoena aukeratu dezakete SMS bidez.
Iritsi da "Oh Happy Day"ren final handia. Datorren larunbatean jakingo dugu nor izango den "Oh Happy Day"ko irabazlea eta, beraz, nork jasoko duen 10.000 euroko saria.
Irabazlea hiru finalista hauen artetik aterako da: Eibar, Astigarraga eta Mallabia. Abesbatza bakoitzak bi kanta abestu beharko ditu. Lehena errepikatutako abestia izango da, hau da, aurreko 12 galetako batean abesturikoa; eta bigarrena, berria, inoiz entzun gabekoa.
Iratxe Uribelarrea da Mallabiako ‘Jasokunde’ abesbatzako zuzendaria. 15 eta 27 urte bitarteko neskez dago osatua taldea. Behin egon dira izendatuta eta eurek kantatutako bi abesti aukeratu ditu epaimahaiak "Oh Happy Day"ren diskoan sartzeko.
Mallabiak finalean kantatuko dituen bi abestiak hauek dira:
- "Venus": 10. galan kantatu zuten eta epaimahaiak balorazio ona egin zuen.
- "Proud Mary": Tina Turnerren arrakasta.
Astigarragako taldea 15 eta 21 urte bitarteko neska-mutilez osatuta dago eta Rodri de Vera pianista gaztea da zuzendaria. Behin egon dira arriskuan eta euren ibilbidean hiru abesti aukeratu ditu epaimahaiak diskoan sartzeko.
Astigarragak eskainiko dituen bi kantak hauek dira:
- "Haize": 6. galan abestirik onena izan zen epaimahairen erabakiz.
- "Hai Jo", Slumdog Millonaire film arrakastatsuaren soinu banda.
"Eibarko Koru Gaztea" lehena izan zen finalerako txartela lortzen. 11. galan izan zen hori. Elena Martin da taldeko zuzendaria eta abeslariek 14 eta 19 urte bitartean dituzte. Behin egon dira izendatuta eta, Astigarragak bezala, "Oh Happy Day"ren diskoan hiru abesti sartzea lortu dute.
Eibarrek finalerako aukeratu dituen kantak hauek dira:
- "Itxaropena": 9. galan abestirik onena izan zen epaimahairen erabakiz.
- "Hit the road Jack": Ray Charles-en arrakastetako bat.
Ikuskizun guztiak entzun ostean, epaimahaiak hiru finalistetatik garaipena zeinek merezi duen erabakiko du. Emozioz beteriko gala izango da. Hiru finalisten herriak guztiz aztoratuta dabiltza finalarekin. Eibar, Astigarraga eta Mallabiko herritarrek zuzenean jarraituko dute larunbateko finala kalean ipiniko dituzten pantaila erraldoien bitartez. Hala, programak kamera bana bidaliko du hiru herrietara senideek eta lagunek zer giro bizi duten bertatik bertara jasotzeko.
Finalistak ez ezik, kanporatutako sei abesbatzak ere "Oh Happy Day"ko platoan elkartuko dira eta bakoitzak abesti bana eskainiko dute.
Ezin dugu ahaztu, etxekoek ere izango dutela final handi honetan zeresana. Etxeko ikusentzuleek SMS bidez euren talde kuttunena zein den erabaki ahal izango dute. Hautagaiak programatik pasatu diren bederatzi abesbatzak izango dira (Donibane, Donostia, Durango, Eibar, Irun, Mallabia, Orio, Tolosa eta Astigarraga), hau da, lehiaketatik kanpo geratu diren taldeek ere botoa jaso ahal izango dute. Etxekoek 25303 zenbakira bidali beharko dituzte euren SMS mezuak, OHD zuriunea eta nahi duten taldearen izena jarriz. Dagoeneko telefonoa zabalik dago botoak jasotzeko. Etxekoen boto kopuru handiena eskuratzen duen abesbatzak saria izango du, 2.000 euroko ordainsaria, hain zuzen. Eta SMSak bidali dituzten etxeko ikusleen artean 2 lagunentzat Tunisiarako astebeteko bidaia zozkatuko da.
"Oh Happy Day" larunbatean emitituko da ETB1en eta eitb.com-en, gaueko 22:00etan.

