telebista
Ordu aldaketa
Joxean Agirreri elkarrizketa, 12:00etan, 'Sautrela' saioan
A.E. | EiTB
Horrez gain, erreportajean Frantziako literaturari erreparatuko diote.
Joxean Agirre idazlearen bisita izango da larunbat honetako 'Sautrela' saioan. Gizajoen katalogoa eleberria kaleratu berri du idazle azpeitiarrak, umore eta erotismo dosi andana duen liburua. Inguruko emakumeek etengabe nahasita bizi da pertsonaia nagusia, eta haiekin dituen harremanak eta lilura azaltzen dira kontakizunean. Meta-literaturaren erabilera ere aipagarria da, alderik alde irri-karkaila eragiten duen liburu honetan.
Erreportajean Frantziako literaturara begira jarriko dira. 80 urte betetzen dira aurten George Perec idazlea Parisen jaio zela. Zientzialari ero bat bailitzan, literatura esperimentala lantzeagatik egin zen bereziki ezagun Perec. Adibide gisa har daitezke liburu oso bat 'e' hizkirik gabe idatzi, surrealismoa garatu edita kontzeptu aritmetikoak hizkuntzan txertatzeko izan zuen joera.
Aspaldiko partez antzerkia ere izango dute mintzagai aste honetako saioan, Juan Luis Zabalak Antton Lukuren lan bat ekarriko baitigu: Tu quoque fili antzezlana. 1996an kaleratu zuen obra Lukuk, eta belaunaldien aldaketen arteko talkak irudikatu zituen bertan. Baiona ttipian girotu zuen antzezlana, hiriko burgesia, gazteria edo giro politikoa islatuta.
Maiatzean 'Sautrela'k aldaketa jasango du emisio orduan. Ohi bezala 15:00etatik aurrera emititu beharrean, 12:00etatik aurrera izango da ikusgai ETB1en.
ETB1en. ETB1en.