Itxi

telebista

Ekainak 26

Hauteskunde gauari arreta guztia, EiTBn

A.E.|EiTB

Egunean zehar albistegiek hauteskunde egunari jarraipena egiteaz gainera, saio bereziak izango dira zortzirak aurretik ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.

0:20

Ekainaren 26ko hauteskunde orokorrei arreta berezia eskainiko die EiTBk Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez. Egunean zehar hedabide ezberdinetan berri emateaz gainera, 19:15etik aurrera saio bereziak egingo dira.

Telebistako informazioari dagokionez, 100 pertsona baino gehiagoko lantalde handia mugituko du ETBk, hauteskunde gauak eman dezakeen guztiaren gaineko minutuz minutuko jarraipen zabala egiteko.

ETB2n, Africa Baetak, Estibaliz Ruiz de Azuak, eta Xabier Lapitzek gidatuko dute albistegi berezia 19:15ean hasita. Hauteskunde emaitzekin batera, zuzeneko hainbat konexio, aurretik egindako emaitzen sondeak eta alderdien lehenengo erreakzioak bilduko ditu saioak.

Alfredo Retortillo soziologoak Africa Baetarekin komentatuko ditu datuak eta horrez gain, bi solasaldi mahai izango ditu saioak. Horietako batean Jon Urresti, Garbiñe Biurrun eta Felix Arrieta egongo dira. Bestean, berriz, Elkarrekin Ahal Dugu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, eta Ciudadanos-eko alderdietako ordezkariak eseriko dira.

Bestalde, ETB1en Xabier Usabiagak eta Maddalen Iriartek gidatuko dute datu esanguratsuz eta hausnarketaz osaturiko programa berezia 19:50etik aurrera. Eurekin batera, Asier Blas eta Eider Alkorta politologoak eta Pilar Kaltzada kazetaria egongo dira.

Bi saioetan zuzeneko konexioak tartekatuko dira albistea dagoen leku guztietatik berri emateko. Euskadin, Elkarrekin Ahal Dugu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdien egoitzetan egongo dira. Espainiako alderdiei dagokienez, PP, PSOE, Podemos eta Ciudadanosen egoitzetan ere zuzeneko konexioak egingo dituzte.

Horrez gain, FORTArentzat eta RTVErentzat egindako sondearen emaitzak eskainiko dituzte bi albistegiek arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria

Iluntzeko 19:45tik aurrera abiatuko da hauteskunde gaua Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Iluntzeko 20etan puntuan, hauteslekuak itxiko diren momentuan, EiTBrentzat egindako inkestaren datuak eskainiko dituzte.

Euskadi Irratian Oihane Yustos izango da saioaren gidaria. Berarekin batera, solasaldi mahaiaren inguruan, Josu Amezaga, Mikel Aramendi eta Joseba Arruti bilduko dira, emaitzak irten ahala eta hautagaiek hitz egin ahala analisia egiteko.

Radio Euskadin, berriz, Dani Alvarezek gidatuko du saioa. Alboan izango ditu Juanjo Alvarez, Jule Goikoetxea, Gema Zabaleta eta Chelo Aparicio solasakideak, datuen analisirako prest. Radio Vitoriak ere zuzenean eskainiko du saio berezi hau.

Zuzeneko 10 puntutan kazetariak izango dituzte Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak, alderdien egoitzetan gertatzen dena entzuleei zuzenean kontatzeko.

Hauteskunde gaua eitb.eus-en

Hauteskunde gauaren ertz guztiak edukiko ditu eskura eitb.eus-eko erabiltzaileak ekainaren 26an. EiTBko webguneak jarraipen oso zabala egingo dio boto kontaketaria, herriz herri eta lurraldez lurralde emaitzak eskainiz. Telefono mugikorren bidezko nabegazioak boto zenbaketa minutuz minutu jarraitzea ahalbidetuko du, eta grafiko egokituak alde batetik, eta udalerria edo lurraldea zehazteko bilatzailea bestetik, izango ditu.

Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako saio bereziak ere zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dira eitb.eus-en bitartez. Horrez gain, hauteskunde gauaren momenturik onenak bideo, audio eta argazkiekin islatuko ditu webguneak, gertatu eta berahala, gertakari guztien materiala bilduz. Minutuz minutuko kontakizun honek, gainera, alderdi politikoen lider eta hautagaiek sare sozialetan izango dituzten erreakzioak ere eskainiko ditu (Facebook, Twitter...)

Gainera, hauteskunde egunean zehar datuak gaurkotzen joango dira une oro, eta bozketaren minutuz minutukoa, eguneko gertakariak eta partaidetza datuak eskainiko ditu eitb.eus-ek.