telebista
Goizeko albistegia
Denboraldiko azken 'Egun On Euskadi' izango da ostiralekoa
A.A.
EITB
Solasaldi berezia egingo dute Roberto Lertxundi (PSE-EE), Juan Antonio Zarate (PP) eta Iñaki Anasagasti (EAJ-PNV) politikari beteranoen eskutik.
Ostiral honetan denboraldia agurtuko du "Egun On Euskadi" ETB-2ko albistegiak. Kurtso politikoaren amaiera izaki, ohi baino solasaldi luzeagoa egingo dute eta ez dute elkarrizketaren tartea zabalduko. Solas-mahaira hiru politikari beterano etorriko dira: Roberto Lertxundi (PSE-EE), Juan Antonio Zarate (PP) eta Iñaki Anasagasti (EAJ-PNV). Urteko balantzea egiteaz gain, asteon egin den Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan esandakoak aztertuko dituzte.
Ohi denez, Vanessa Sanchezek eta Aitzol Zubizarretak gidatzen duten saioak egunari begira jarriko gaitu lehen orduan. Berri nagusien kontaketa egiteaz gain, eguraldiari, errepideei eta burtsei dagokien informazio eguneratua eskainiko du.