telebista
ETB HDn
ETB1 eta ETB2 HDn emititzen hasi dira
A.E.|EiTB
Programazioaren zati nagusia (zinea, kirolak, dokumentalak eta barne-produkzioko saiorik gehienak) irudi eta soinu kalitate tekniko handienean ikus daitezke jada.
Euskal Telebista, ETB1 eta ETB2 kateak bereizmen handian ematen hasi da. Hartara, programazioaren zati nagusia (zinea, kirolak, dokumentalak eta barne-produkzioko saiorik gehienak) irudi eta soinu kalitate tekniko handienean ikus daitezke jada.
LTD bidez telebista ikusten dutenek ETB1HD eta ETB2HD ikusteko beharrezkoa dute berriro kateak sintonizatzea (abenduan, oraindik edukirik gabe baina bereizmen handian emisioak hasi zirenean, horrelaxe jakinarazi zuen EiTBk). EiTBk, halaber, ikus-entzuleak animatu nahi ditu kateak berriro sintonizatzeko aukera baliatu ditzaten bi kateok mandoko lehen postuetan jartzeko.
Haatik, kable bidez ETB ikusten dutenek (Euskaltel, Movistar, Vodafone, Ono, eta abar) ez dute sintonizazioa berriro egin beharrik, kable operadoreak arduratzen baitira kanalak gehitzeaz.
Urrats garrantzitsua ETBrentzat
"HDn emititzea oso garrantzitsua da ETBrentzat eta oso pozik gaude, aurrerantzean gure programa onenak, kirol emanaldiak, zinea eta dokumentalak bereizmen handian eskainiko ditugulako", azaldu du Edu Barinaga ETBko zuzendariak.
Barinagak, ETBko hainbat sailek eta ekoiztetxeek telebista standarretik HDTVra pasatzeko egindako ahalegin tekniko handia azpimarratu du. "Aldaketa honek plus bat emango digu; balio erantsia izango da gure emanaldientzat. 'El Conquistador del Fin del Mundo', kiroletako emankizunak, txirrindularitza eta arraun probak kasu, gutxi batzuk aipatze arren, xehetasun handiz ikusi ahal izango dira, eta aldaketa nabarmena izango da".
Hain zuzen ere, EiTBko sail teknikotik azaldu dutenez, bereizmen handiko ohiko eredu estandarrak (1080i50 ere deitzen dutena) 1.125 lerro ditu oinarri (hau da, 1920x1080ko erresoluzioa), ohiko 625 lerroko (576i50 bezala ere deitzen dena) eredu tradizionalaren aurrean (720x576ko erresoluzioa). Hortaz, HDn ekoitzi eta zabaldutako edukietako irudiek bereizmen eta zehaztasun handiagoa dute.
Bestalde, bereizmen handirako prest ez dauden telebistak dituztenek, ohiko ETB1 eta ETB2 kateak ikusteko aukera izango dute orain arte bezala.