Itxi

telebista

Kanalak berrantolatzen

Nola jarri ETB HD urrutiko agintearen lehen zenbakietan

EiTB

ETB1HD eta ETB2HD zure telebistako lehen postuetan jar ditzakezu oso erraz, hiru pauso hauek emanez.

0:08

Euskal Telebistako bi kateak, ETB1 eta ETB2, bereizmen handian (HD) ikusteko aukera dago hemendik aurrera, horretarako aukera ematen duten gailu guztietan (gaur egun merkatuan dauden telebista gehienetan).

Segidan, ETBHDko kate horiek zure urrutiko agintearen lehen postuetan nola jarri azalduko dizugu:

1.- LTD bidez jasotzen diren kanalak berriro sintonizatu

Zure telebistako kateen zerrendan edo gidan ez badira ETB1HD eta ETB2HD agertzen, lehenengo, LTD bidez (edo kable bidez) jasotzen diren kateak berriz sintonizatu behar dira.

Horretarako, zure urrutiko agitean dagoen "Menu" botoian sakatuta, hauetako aukeraren bat azalduko zaizu (telebistaren marka eta modeloaren arabera, izen bat edo beste ikusiko da): "Emision", "Buscar canales" edo "Sintonizar canales". Ondoren, "automático" edo "manual" hautatu. Modurik errazena automatikoa izan ohi da, baina badu desabantaila bat: marka eta modeloaren arabera, kate guztiak modu batera edo bestera antolatzen dira.

Telebista marka batzuetan alfabetikoki antolatzen dira; beste batzuetan, UHF kanalaren edo kable kanalaren ordenaren arabera; modelo batzuek PID parametroaren arabera (zerbitzuak identifikatzeko barne parametro bat) antolatzen dituzte... Alegia, telebista bakoitzak "gogoak eman dion moduan" antolatzen dituela kateak.

2.- Sortu dugun nahas-mahasa antolatu

Lasai! Sortu dugun nahas-mahas horrek badu konponbidea. Orain kate horiek guztiak antolatzea da kontua. Telebista guztiek ematen dute aukera kateak norberak nahi duen moduan berrantolatzeko.

Horretarako, aparailu guztietako Menuan izaten da aukeraren bat edo beste. Aukera hori modu batera agertzen da marka eta modelo bakoitzean, eta menuaren barruko atal batean edo beste batean egon daiteke. Normalean, "Ajustes" edo "Configuracion" atalean aurkituko dugu, honelako baten atzean: "Editar canales", "Ordenar canales", "Editar programas", "Lista de Canales", "Emisión"...

Atal horietan sartuta, norberaren gustura jar daitezke kate guztiak. Telebistak nola funtzionatzen duen azaltzen duen liburuxkan zehatz-mehatz agertzen da zer pauso eman behar diren.

3.- ETB1HD eta ETB2HD, lehen postuetan jarri

Euskal Telebistaren HD kateak erraz aurki daitezke kateen zerrendan; izan ere, HD hizkiak daramatzate izenaren ondoan: ETB1HD eta ETB2HD. Horrez gainera, pantailan agertzen den logoaren ondoan ere bi hizki horiek ikus daitezke.

Telebista kateen nahas-mahas horretan, baina, ez dituzu inoiz ETBko kateak lehen postuetan aurkituko. Hori dela eta, zuk jarri beharko dituzu lehen eta bigarren lekuetan, kateak berriro antolatuta.