telebista
'El Conquis'en 13. atala
'Otto' urakanak talde gorria suntsitu du eta Ismak Manu kanporatu du
Unaik, Nerea Badiolak, Fikerrek, Iparrek, Davidek eta Nerea Pascualek saioa utzi dute, talde gorria desagerraraziz eta Erku ere saioa uztera behartuz. Ismak Maritxalar kanporatu du dueluan.
Unaik, Nerea Badiolak, Fikerrek, Iparrek, Davidek eta Nerea Pascualek amore eman zuten "El Conquistador del Caribe" saioaren gaurik gogor eta ilunenean. Talde gorria suntsituta gelditu zen Otto urakanaren ondorioz. Erkuren taldekoak izutu egin ziren, eta, goizean, kapitaina, Isma eta Izeta baino ez ziren abenturan jarraitzera ausartu. Dena den, hainbat kidek saioa utzi zutenez, talde gorria desagertu egin zen, eta Erkuk saioa utzi behar izan zuen. Bestalde, Izeta eta Isma talde berdera eta urdinera joan ziren, hurrenez hurren.
Gau latzak hondamena eraman zuen talde gorrira, eta abenturako indartsuenetakoek, garaipena lortzeko faboritoenetakoak zirenek, Unaik kasu, ez zioten Otto-ren erasoari eutsi; azkenean, abenturak bere lekuan jartzen du lehiakide bakoitza.
Egunsentia makala eta grisa izan zen, batez ere abentura utzi zutenentzat. Gainerako lehiakideak ezer gutxi goibeldu ziren; izan ere, batek baino gehiagok garaipenerako bidea argiago ikusi zuen, eta, gainera, mandoen proba jokatzear zeuden.
Talde gorriko bi kide ohiak, Damoklesen ezpata gainean zutela, primeran egokitu ziren talde berrietara, eta mandoen immunitate jokoa ezin berdinduago egon zen. Azken segundoan irabazi zuten berdeek; orain, gertuago ikusten dute bateratze fasea.
Bestalde, urdinak kanpamentu txirora itzuli ziren, etxera, aurretik zuten bilera zaila buruan zutela. Azken gertaeren ostean, argi zegoen duelura joango zen lagunetako bat Isma izango zela, baina haren kontra arituko zen laguna nor izango zen erabakitzeko aukera fratrizida egin behar izan zuten urdinek: taldeko kideren bat sakrifikatu behar izan zuten iritsi berriaren aurka egiteko. Manu Maritxalarrek (eta baita taldekideek ere, agian) erabaki zuen ordua iritsi zitzaiola proba egiteko eta haraino kasualitatez iritsi ez zela erakusteko, baina aurkaria ez zen aproposena izan, ezta proba ere. Makila mozkorren jokoa gogorregia izan zen boxeolari ohiarentzat, eta kolpatuta bukatu zuen Ismaren aurkako borroka. Igorrekoak berriz beldurtu zituen gainerako lehiakideak.
Zalantzarik gabe, itzala utziko duen atala izan zen hamahirugarrena: aurretik ikusi gabeko ihesaldia eta Erkuren eta Manu Maritxalarren agurra.
ren agurra.