Itxi

telebista

Kirolak zuzenean

Emakumeen Biraren amaiera eta Giroko 15. etapa, gaur, EiTBn

A.A. | EiTB

Oiartzun-Zaragoza futbol partida eta Buruz Buruko Txapelketako 3. eta 4. postuak zehaztuko dituen neurketa (Urrutikoetxea-Rezusta) ere eskainiko dira.

Emakumeen Euskal Birako azken etapa zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur goizean, 12:00etatik aurrera, 'Oreka' saioaren barruan. Alfontso Arroiok gidatuko du emanaldia, Leire Olaberria txirrindularia lagun duela, eta Xabier Ormazabalek protagonistak elkarrizketatuko ditu. Errenteria inguruan jokatuko den azken etapan, Arkale eta Jaizkibel gainak igaro beharko dituzte txirrindulariek.

Emanaldian zehar, Emakumeen Futbol Ligako azken jardunaldiko Oiartzun-Zaragoza partidarekin konexioak egingo dituzte. Naxari Altuna izango dugu berriemaile bertatik.

13:05ean, egunero bezala, Italiako Giroarekin bat egingo dute. 15. etapan, 199 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, Valdengo eta Bergamo artean. Ibilbide laua izango da ia amaierara arte, baina 2. eta 3. mailako bi mendate izango dituzte azken kilometroetan. Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute kontakizuna.

17:20an hasiko da 'ETB Kantxa' saioa, Donostiako Atano III.a pilotalekutik. Buruz Buruko Txapelketako 3. eta 4. postuak zehaztuko dituen norgehiagoka jokatuko dute Mikel Urrutikoetxeak eta Beñat Rezustak. Atariko partidan, berriz, Altuna III-Tolosa eta Artola-Imaz izango dira aurrez aurre. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia arituko dira esatari lanetan.

Bestalde, 11:00etan, herri kirolen tartea zabalduko dute, bezperan Zegaman jokatutako aizkolarien banakako Eusko Label sariko jardunaldia eskaintzeko. Ibon Gaztañazpi izango da emanaldiaren arduraduna, Joxe Etxebeste lagun duela.