Itxi

telebista

Audientziak

'El Conquistador del Caribe' audientzia-buru, %19,3ko kuotarekin

EiTB

Inoizko finalik zirraragarrienetakoa izan zen Izetak irabazi zuena, eta azken hiru urteetako ikusiena. 335.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen.

'El Conquistador del Caribe' saioaren final handia 'El Conquistador del Fin del Mundo' realityaren historian inoiz izan den zirraragarrienetakoa izan da. Sei finalisten artean, Izeta nagusitu zen, azken unean Aiskander eta Isma atzean utzita. Beraz, aiarrak astindu zuen ikurrina Punta Gallinasen.

ETB2ko saioa audientzia-buru izan zen %19,3ko kuotarekin. Batez beste, 194.000 lagunek ikusi zuten finala Euskadin eta eragin eremuan, eta 335.000 ikus-entzuleko audientzia metatuta lortu zuen. Azken hiru urteetako finalik ikusiena izan da, hain zuzen ere.

Denboraldia amaitu ondoren, batezbesteko audientzia datuei begiratuta, 'El Conquistador del Caribe' saioak astelehenetan audientzia-buru izatea lortu du: %16,6ko kuota eta 320.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan ditu Euskadin eta eragin eremuan. 2014tik denboraldi onena osatu du.

eitb.eus-en eta sare sozialetan

'El Conquistador del Caribe'ko finalak harrera ezin hobea izan zuen Internet bidez ere, baita saioaren webgune bereziko edukiek ere.

Twitterren marka guztiak hautsi zituen, emanaldia hasi eta 12 minutura Estatu mailako gairik komentatuenen artean kokatu baitzen. Aurtengo atal guztietan bezala, finalean ere #conquisfinal etiketa joera izan zen. Berebat, saioak Twiter sare sozialean duen kontu ofizialak ia 200.000 inprimatze izan zituen.

Facebooken ere inoizko daturik onenak lortu zituen: 100.000 erabiltzailek partekatu zituzten saioaren webguneko edukiak.

Jarraitzaileen lehiakide gogokoena nor den jakitea falta zaigu orain; asteazken gaueko saioan jakingo da. Bitartean, "El Conquis"en finala osorik ikusgai dago jada EiTB Nahieran atarian.