Itxi

prentsa oharrak

2010-2011 denboraldian

Berrikuntzak ETBren kirol programazioan

A.A.

EITB

Futbol Ligarekin batera, asteburuan "Zilarrezko Futbola" eta "Gol Festa" saio berriak hasiko dira eta aurrerago, beste kirolei eskainitako "Zu Kirolari" programa estreinatuko dute.

Futbol Ligaren hasierarekin bat, Euskal Telebistak kirol programazio berria jarriko du abian asteburu honetan. Duela bi aste hasi zen "Champions League" saioari, beste bi programa berri gehituko zaizkio: "Zilarrezko Futbola", Bigarren Mailari eskainita, eta "Gol Festa", Lehen Mailari buruzkoa.

Futbolarekin batera, ETBren kirol programazioaren ardatz nagusiak pilota, saskibaloia, txirrindularitza, herri kirolak eta estropadak izango dira. Horrez gain, beste kirol jarduerei leiho bat zabalduko die astero "Zu Kirolari" saio berriak, eta "Boxeo Izarrak" programak kirol honen jarraitzaileen grina asetzen jarraituko du.

Asteazken gauetan Txapeldunen Liga izango da protagonista. Txemi Galarragak aurkeztutako "Champions League" saioak atariko bat egingo du partidaren zuzeneko emankizunaren aurretik eta ondoren, analisia eta laburpenak. Txemirekin batera, Juanan Legoburu, Naxari Altuna eta Xabier Azkargortak osatzen dute lan-taldea.

Larunbat arratsaldean Bigarren Mailako futbolak hartuko du lekukoa "Zilarrezko Futbola" saio berrian. Aurtengo berrikuntza nagusia Bigarren B Mailako partiden emankizuna da, kategoria honetan jokatzen duten euskal taldeekin lortutako akordioari esker. Arratsaldeko lauretan egingo dira emanaldiok eta seietan, berriz, Bigarren A Mailako norgehiagoka bat izango da ikusgai.

"Gol Festa" saioa Lehen Mailako futbolari eskainia egongo da. Larunbatean, 23:50etik aurrera, jokatutako partiden laburpenak eta euskal taldeen azken ordua eskainiko dute. Igandean, arratsaldeko edizioa (19:30ean) laburpen eta erreportajeekin osatuko dute eta gauekoan, 21:50ean hasita, jardunaldi osoa patxadaz eta sakon aztertuko dute.

Larunbateko "Zilarrezko Futbola" eta "Gol Festa" saioak Txemi Galarragak aurkeztuko ditu eta igandeko "Gol Festa" Mikel Olazabalek. Gaueko saioan, gainera, kirol erredakzioko lau kazetari platoan izango dira partidak komentatzen: Jorge Cerrato (Athletic), Igor Sarriegi (Reala), Ander Txintxurreta (Osasuna) eta Xabier Andueza (Lehen Mailako besteak).

Esku pilotak bere tartea izaten jarraituko du ostiral gaueko eta igande arratsaldeko "ETB Kantxa" saioan, Xabier Euzkitze eta Josean Tolosarekin. Zesta, pala eta erremonteko emanaldiak ostegun gauetan egingo dira "Frontoi Luzea" tarte berrian. Iñigo Aiestaran esatariak jarduera bakoitzeko aditu bat izango du lagun.

Saskibaloiari dagokionez, Euskal Telebistak ACB Liga eta Euroliga txapelketen jarraipen zehatza egingo du Xabier de la Fuente eta Josean Aldalurren eskutik. Euroligako emanaldiak ostegunetan izango dira eta ACB Ligakoak igande goizetan, Asier Arangurenek aurkeztuko duen saioan. Igande bazkalostean "Herri Kirolak" tartea zabalduko dute, Koldo Aldalurrekin, emanaldiak eta erreportajeak eskaintzeko.

Azkenik, astelehen gauetan "Zu Kirolari" saio berria eskainiko du ETB-1ek, Anartz Agirrek aurkeztuta. Beste kirol modalitateen inguruko erreportajeak eta elkarrizketak egingo dituzte.

Udazken-neguko kirol programazioaren egitura nagusia izango da hau eta udaberri-uda partean, ohi denez, ETBk bertatik bertara jarraituko ditu txirrindularitza hitzordu nagusiak eta estropadak.

Albistegietako kirol tarteetan, Asier Aranguren eta Ana Ramos izango dira berriemaile ETB-1en, eta Jon Balentziaga eta Alvaro Fernandez ETB-2n.

Igande gaueko "Teleberri" albistegian kirolak tarte nabarmena izango du. Jon Balentziagaz gainera Jose Ituarte ere egongo da, ordu erdiko informazio tartea eskainiko baitute. Futbol jardunaldiaren errepaso zehatza eta asteburuko gainontzeko kirol berriei erreparatuko diete.

Asteburu honetako kirol emanaldiak

Larunbateko kirol eskaintza 16:00etan hasiko da "Magazine Champions League" saioarekin. 16:30ean San Miguel Ligako estropada izango da ikusgai, XX. Orioko Bandera, eta 17:55ean "Zilarrezko Futbola" saioa hasiko da. Lehendabizi Bigarren A Mailako Celta-Bartzelona B partida emango da eta ondoren Bigarren B Mailako Alaves-Caudal.

Igandean, 11:55etik aurrera, XII. Flaviobriga Bandera jarraitu ahal izango da Castrotik zuzenean. 16:00etan Euskadi eta Alemaniaren arteko segalari dema eta 17:00etatik aurrera, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko den jaialadia: Olazabal-Arruti / Idoate-Cecilio eta Gonzalez-L. Galarza / A. Lasa-Beroiz.