Itxi

telebista

Musika ikuskizunak

'Oskorri. Hauxe da despedidia' kontzertua, gaur gauean, 'Oholtzan'en

EITB

Aurretik, 'Euskal Herria Biarritzen kantari' kale jaialdia izango da ikusgai.

'Oskorri. Hauxe da despedidia' kontzertua eskainiko du 'Oholtzan' saioak gaur, urtarrilak 6. Natxo de Felipe buru duen talde bizkaitarrak agurtzeko eskaini zituen kontzertu sortaren barruan Bilboko Arriagan egindako saioa eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek 22:00etan.

Bi orduko kontzertu honetan, eta publikoaren parte hartzearekin, Oskorrik bere kantutegiaren errepasoa egin zuen. Bertan, besteak beste, 45 urteko ibilbide oparoa osatzen duten hainbat kantu ezagunen artean 'Hauxe da despedidia', 'Guretzat', 'Ezpatadantza', 'Gaztelugatxe', 'Bizkaipourri', 'Ostatuko neskatxaren koplak', 'Euskal Herrian euskaraz', 'Bizkaiko aberatsak', 'Gora ta gora eta 'Furra furra' eskainiko dituzte. Bide honetan, 32 disko eta 500 abesti eman dituzte argitara.

Aurretik, 21:00etan, 'Euskal Herria Biarritzen kantari' kale jaialdia eskainiko da. Euskal Herriko Kantu Jira ezberdinetako kideek parte hartu dute bertan. Kantu ibilaldian, euskal abesti ezagunak entzun ahal izango dira: 'Baionatik Bilbora', 'Ixil ixilik dago', 'Boga boga', 'Jeiki jeiki', 'Ardiak lerro lerro', 'Azken dantza hau', 'Gogoaren baitan' eta 'Xalbadorren heriotzean', besteak beste. Horrez gainera, jaialdia amaitzeko, Peio Ospitalek, Anjel Duhaldek, Eñaut Etxamendik eta Manel Pagolak ere abestuko dute.