Itxi

telebista

'Conquis'en 3. atala

Samuluek garaipena behar dute

EiTB

Telmoren talde urdina hasiera-hasieratik dago ezer jan gabe. Ontzien immunitate jokoan ahalegin handiak egin beharko dituzte indarrak berritu nahi badituzte.

"El Conquistador del Caribe" saioaren hasiera zirraragarria izan da hiru taldeentzat, baina batez ere urdinak dira kaltetuenak. Karibe itsasoak gogor jo ditu samuluak: Isa eta Maika galdu dituzte, begi gorabehera batean. Hasieran behingo kontua zirudien arren, taldean eragina izan du, batez ere bigarren aldiz ere garaipenik ez dutelako lortu. Eta horrek zer esan nahi du? Ez direla kanpamentu aberatsera joan eta, ondorioz, ez dutela bizirauteko ekipamendurik jaso. Argi esateko: abentura hasi zenetik ez dute ezertxo jan. Horrek sortzen dien antsietatearen ondorioz, akats larri bat egingo dute oihanaren arriskuak arinkeriaz hartuta, eta basoak ez du errukirik.

3. ataleko immunitate proba onuragarria izan liteke urdinentzat, arerioek horiei buruz zer uste duten kontuan izanez gero: oso indartsuak dira, baina ez dute kontrolik. Ordua da Telmo kapitain handia agertzeko. Dena den, berdeek eta gorriek arazo bera dute; indarrez ongi daude, baina erabakiak hartzeko orduan datoz komeriak...

Talde bakoitzak hondartzan lurperatuta dagoen ontzi bat harearen azpitik atera beharko dute eta banderatxo artean mugatutako ibilbide batean zehar arrastaka eraman ikurrina dagoen tokiraino. Erraza dirudi, baina zaila da. Batetik, kostatu egingo zaie hondarretatik ateratzea, eta, bestetik, talde bakoitzak beste talde bateko kide bat aukeratu beharko du, zertarako izango den jakin gabe.

"El Conquistador del Caribe" astelehenetan izaten da ikusgai, gaueko "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai atal guztiak.