Itxi

telebista

'El Conquis'en 3. atala

Landerrek eta Hector del Futurok huts egin dute eta abenturari agur esan diote

Dueluan ez dute dena eman eta larrutik ordaindu dute. Garaipena Enekoren taldearentzat izan da berriro ere.

Landerrek eta Hector del Futurok txantxatzat hartu dituzte Julianen abisuak, baina orain ondo badakite espekulatu ez eta dueluetan dena eman beharra dagoela. Larrutik ordaindu dute.

Ez dira aurreneko postara heltzeko gai izan eta hori erraztasunez egin beharko luke 'El Conquistador del Caribe' saioan parte hartzen duen edonork. Bai Landerrek eta bai Hectorrek ere amorruz esan diote agur abenturari. Lander lur jota ikusi dugu, bera baitzen edizio honetako "indartsuenetakoa". Kostata ahaztuko du Gatikakoak gaur jasotako zartada.

Gorriek ohiko dinamika apurtu eta taldeko ahulenak nominatzeari uko egin diote. Botatako hordagoa ausarta izan da eta ondorioak, latzak. Urdinek, ordea, Hector del Futuro jarri dute arriskuan, baina eurentzat ere txarra izan da jokaldia.

Egia da gorriek gaizki hasi dutela gaurko atala. Ezin izan dute ontzia lurpetik atera eta, indarrak gordetzeko asmoz, amore ematea erabaki dute. Gorrotxaren negar-zotinak ez dira seinale ona izan eta…gaizki amaitzen da gaizki hasten dena.

Lehia berdeen eta urdinen artean izan da. Telmorenek eskura izan dute garaipena, baina jateko grinak ezezaguna zen fruta bat probatzera eraman ditu eta ondorioak larriak izan dira: Bernabe eta Delfo ospitalera joateko zorian egon dira eta proban ezin izan dute euren onena eman. Garaipena Enekoren taldearentzat izan da berriro ere. Berdeak lasai-lasai daude; ez dute lehiakiderik galdu eta kanpamentu aberatsa eurena dela pentsatzen hasiak dira. Abentura, aldiz, hasi baino ez da egin.

 

 

>