Itxi

telebista

'El Conquis'en 10. atala

Berdeek irabazita zuten jokoa galdu dute eta Odeik Irati kanporatu du lianen dueluan

EiTB

Odeik Irati kanporatu du lianen immunitate jokoan. Lehenak heldu arren, berdeek ez dute estropadaren immunitate jokoa osorik egin, eta, beraz, urdinak izan dira garaile.

Talde berdeak elkarren segidan galdu duen bigarren lehiakidea da Irati. Hendaian bizi den gipuzkoarrak bere esku zegoen guztia egin du Odeiren aurka egin duen lianen duelua irabazten saiatzeko. Kostatu egin zaio zirkuituko lehen sokara iristea, eta hasiera kaskar horrek irabazteko egin dituen ahaleginak zapuztu ditu. Odei askoz hobea izan da dueluan, eta erakutsi du aurtengo "El Conquistador del Caribe"n urrutira iristeko aukerak dituen lehiakideetako bat dela. Duelurako Irati aukeratzea oso erraza izan da Eneko kapitainarentzat; monitoreak ez du inolako protestarik egin.

Argi dago kapitainak abenturan mantendu nahi dituela Zuriñe, Igor, Jass eta Maëva, inoiz ere ez baitira egon duelu batera joateko arriskuan. Dueluetako azken bi porrotek eta immunitate jokoetan izaten ari diren bolada txarrak sarraskia eragiten ari dira talde berdean. Enekok erloju-bonba bat dauka talde berdearen baitan, eta desafioak galtzen jarraitzen badute bonbak edozein unetan egin dezake eztanda.

Talde gorrian kapitainen taktikak aldatzen jarraitzen du astero. Odeiren eta Anaren garaipenek, behintzat, taldeari adorea eman diote lehiaketaren lehen fasearen bukaerarako. Arriskuan egon ez den lehiakide bakarra Maritxu da, eta hori gogorarazi dio Julianek izendapen-bileran.

Gorriek kaiukoen estropadaren jokoa galdu dute borrokarik egin gabe. Ontzia irauli zaie eta amore eman dute. Ismak zailtasunen aurrean amore ematen ez duten horietakoa dirudi, baina ez du lider lanik egin. Urdinen ontzia ere irauli da, baina Telmo kapitainak erreskate lanak gidatu ditu eta taldeak jokoa bukatu du, astiro baina ongi, berdeek zigorra jaso zezaketela jakinik.

Enekoren taldeak hutsegite erraldoia egin du. Ez dute ateetako bat zeharkatu eta aurrera egin dute, zerbait gaizki egon zitekeen susmoa izan arren. Proba amaitu denean baieztatu die susmoak Julianek, eta zigor bezala lehen postua kendu diete eta bigarren gelditu dira; ondorioz, kanpamentu txirora joan dira.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.