Itxi

telebista

Aurkezpena

'Vitoria, 3 de marzo' filma aurkeztu dute Donostia Zinemaldian

EITB

Victor Cabacok zuzendutako lanak 1976an Gasteiz gogor astindu zuten gertakariak kontatzen ditu.

Nota en Word

Asteazken honetan, irailak 26, Vitoria, 3 de marzo pelikula aurkeztu dute Donostia Zinemaldian. Filmak 1976an Gasteizen izandako gertakari bortitzak gogorarazten ditu: greba luze baten ondoren poliziak bost langile tiroz hil eta ehunka pertsona zauritu zituen.

Victor Cabaco (Santander, 1967) zuzendariaren lehen film luzea da eta Amaia Aberasturi, Mikel Iglesias, Alberto Berzal, Ruth Diaz, Jose Manuel Seda, Oti Manzano, Iñaki Rikarte eta Ane Pikaza dira aktore protagonistak. Sonora Estudios eta Gariza Films ekoiztetxeek produzitu dute pelikula, EiTBren partaidetzarekin.

Donostiako Londres Hotelean izan da prentsaurrekoa, eta Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Victor Cabaco pelikularen zuzendaria eta Amaia Aberasturi, Mikel Iglesias eta Veronika Moral aktoreak egon dira bertan, baita Pako Ruiz (Sonora Estudios) eta Lara Izagirre (Gariza Films) ekoizleak ere.

Asteazken gauean, 21:30ean, Victoria Eugenia antzokian izango da filma ikusgai, EiTB Galan. Pelikularen lantalde artistiko eta teknikoa, EiTBko ordezkariak eta filmean parte hartu duten erakundeetako ordezkariak joango dira ekitaldira.

1976ko martxoaren 3ko gertakariak

1976. urtean, Franco hil ondoren, Gasteiz hiriburu lasaia zen, nekazari lurralde batean. Gutxik pentsatuko zuten urte hartan hiria betiko aldatuko zuten gertaera dramatikoak izango zirela. Gertaera horiek, zalantzarik gabe, Espainiako Trantsizioan eragin handia izan zuten, bereziki Euskal Herrian.

Martxoaren 3an, soldata-igoerak eskatzeko greba luzea egin ondoren, borrokan ari ziren enpresetako langile-batzordeek greba orokorrerako deia egin zuten Gasteizen. Hirian, Espainiako Gobernua kezkatzen zuen biltzar-mugimendu boteretsua sortzen ari zen, eta langile-mugimendua Estatu osora zabal zitekeen.

Egun hartan, Zaramaga langile-auzoko San Frantzisko elizan milaka langile bildu ziren batzarrean. Kanpoaldean, are jende gehiago elkartu zen, eta, tartean, polizia armatuko ehun agente jarri ziren. Poliziaren tiroketarekin amaitu zen mobilizazioa, eta bost pertsona hil eta ehunka zauritu zituzten.

Protagonistak

Begoñak, erdi-mailako klaseko gazte batek, bertatik bertara biziko ditu "sekula ezer gertatzen ez den hiri bat" astindu zuten gertaera horiek. Gero eta gehiago gogortuz doan gatazka baten erdian, bai berak, bai haren familiak ere, zeinen alde jarri aukeratu beharko dute. Azkenean, sarraskiaren ondoren, Begoña, hiria eta herrialde osoa ez dira lehengoak izango.

Jose Luis kazetaria da Gasteizko irrati batean, hiri txiki bateko informazioaren errutina aspergarrira ohituta dago, eta ez du gertatutako dena susmatzen. Hala ere, gertaeren ondorioz, inoiz pentsa zezakeen baino hurbilagotik ukituko duen egoera batean murgilduko da. Izan ere, bere alaba Begoña, martxoko egun horietako protagonistetako bat izango da.

Garai hartan, hiria aldatzen ari zen, milaka langilek soldata-igoerak eskatzen zituzten, baita aldaketa sozial eta politikoak ere. Parez pare, halakoak onartzeko asmorik gabeko ugazaba eta agintari batzuk zituzten, ezegonkortasunaren aurrean, edozer gauza egiteko prest zeudenak. Edozer.

Gauzak horrela, gatazka ezinbestekoa zen. Jose Luisen erdi-mailako klaseko familian ere errepikatuko da liskarra, eta kide guztiek biziko dituzte gertakarien ondorioak. Begoña, istorio honetako protagonista, belaunaldi hartako gazte-jende asko bezalaxe, kontzientzia soziala hartzearekin batera pertsona gisa haziko da.

Era berean, Jose Luis eta Ana emaztea (Begoñaren ama) ezingo dira erabat errotu den egoera horretatik kanpo geratu; hiriko bizilagun guztiei eragingo die, eta denek erabaki beharko dute noren alde jarriko diren.

Denentzat ezaguna da gatazkaren emaitza tragikoa: poliziak bost langile hil zituen martxoaren 3an, eta egun hura betiko gelditu da hiriaren memoria kolektiboan.

Filmazioa

Vitoria, 3 de marzo filmaren erronka nagusietako bat, gertakariez gain, testuingurua eta jantziak fideltasunez girotzea izan da. Hau da, 1976ko grebekin eztanda egin baino lehen “apaiz eta militarrena” zen hiri hura islatzea.

Halaber, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izan da pelikula aurrera eraman eta 1976an aztoratutako Gasteiz hura sorberritzeko. Gasteiztarren artean oso harrera ona izan du filmak. Filmazioan parte hartu zuten figurante askok orduan izandako gertakariak euren azalean edo euren familiako kideen azalean bizi izan zituzten.

Fitxa artistikoa

Amaia Aberasturi Begoña izango da, erdi-mailako klaseko familia batean bizi den 18 urteko gaztea. Ameslaria eta harroa da, apur bat egoskorra; eta adin horrekin neska askok duten errebeldia du. Begoña greban dagoen Mikel langile gaztearekin maiteminduko da. Harreman hori dela eta, aitari “aurre” egingo dio.

Mikel Iglesias Mikel izango da. Gazte sutsua da, iraultza egitea bere lehentasunen artean dago, eta garai hartako gazte politizatuaren eredua da. Ekintza-gizona da, eta greba-mugimenduan bere saltsan dago. Begoñarekin maiteminduko da, eta ahaleginak egingo ditu neskak bere idealak har ditzan, borroka-lagun bihurtu nahian.

Alberto Berzal Jose Luis izango da, Begoñaren aita. Kazetaria da, eta Gasteizko irrati txiki batean lan egiten du. Hirian gertatuko diren grebak eta protestek bere bizitza pertsonalean eragina izango dute, eta egoera horretan familia jarriko du aurretik. Eduardo enpresariak lan baldintza hobeak eskainiko dizkio patronalaren alde egin dezan, eta onartzean, gatazka pertsonal gogorra izango du, bere alabari berari ere aurre eginez.

Ruth Diaz Ana da, Begoñaren ama eta Jose Luisen emaztea. Emakume gaztea da, bere ibilbide profesionala alde batera utzi zuen ezkondu zenean, baina daraman bizitzak ez ditu bere nahiak asetzen. Eduardo enpresaria agertzen denean, barne egonezinak indarra hartuko du. Bere senarra eta seme-alabak maite ditu, baina duen bizitza eta izan zitekeenaren artean alde handia ikusiko du. Hirian eta bere familiaren barruan sortuko diren krisian bitartekari lana egiten saiatuko da.

Jose Luis Seda aktoreak egingo du Eduardo enpresariaren papera. Negozio-gizon pragmatikoa da, ahalik eta etekin handiena eskuratzea du helburu nagusi, eta printzipioak alde batera uzteko gai izango da hori lortzeko.

Oti Manzano Loli izango da, jatorri andaluziarreko emakumea. Behartuta emigratu behar izan zuen, eta urteak daramatza Gasteizen. Begoñaren eta Anaren konfidente eta adiskidea da. Begoñari aholku ematen saiatuko da, oinak lurrean jar ditzan, eta neskaren eta gurasoen artean bitartekari izaten ahaleginduko da. Greba mugimenduan parte hartuko du, orobat, gertaerek horretara bultzatuta.

Iñaki Rikarte Javier izango da, grebako langile-mugimenduaren buruetako bat, eta 1976ko martxoaren 3an rol nagusia jokatu zuen benetako pertsonaia batean oinarrituta dago. Gizon gaztea da oraindik, baina hamaika borrokatan zaildutakoa; horren alde egiteko bizi da, eta lider karismatikoa da.

Ane Pikaza Blanca izango da, Javierren neska-laguna. Emakume gaztea eta independentea da, bere lanetik bizi da, eta ideia propioak ditu. 70eko hamarkadako "lehenengo" feministen adibide bat da.

Aktore zerrenda osatzeko, Pepe Penabadek Manuel Fraga Iribarne Gobernazio ministroa gorpuztuko du, Asier Macazaga gobernadorea izango da, eta Iñigo de la Iglesiak El Rubio pertsonaiaren papera hartuko du.

Fitxa teknikoa:

Ekoizle eragileak: Pako Ruiz, Oskar Bañuelos eta Asier Bilbao.

Zuzendaria: Víctor Cabaco.

Gidoia: Juan Ibarrondo eta Hector Amado.

Jatorrizko ideia: Oskar Bañuelos.

Argazki zuzendaria: Gaizka Bourgeaud.