telebista
22:30ean
Atenasen lur hartuko du 'Vascos por el Mundo' saioak gaur gauean
EiTB
Roberto Vazquez kazetariak Greziako hiriburua ezagutuko du bertan bizi diren euskaldunek lagunduta.
-
Roberto Vazquez kazetaria Atenasen
Gaur gauean, 'Vascos por el Mundo' saioak Atenaseraino bidaiatuko du, Joko Olinpiko garaikideen sorlekua eta gizateriaren garapenean paper garrantzitsua jokatu duen hiria. Akropolis ezagunetik hasi eta Monastiraki inguru kosmopolitara arte, Roberto Vazquez kazetariak Atenaseko sekreturik ezkutuenak ezagutuko ditu bertan bizi diren euskaldunen eskutik.
Getxoko Unaiek oso ondo zainduko du kazetaria. Syntagma Plaza eta haren inguruak ezagutu ostean, hiriko hotelik luxuzkoenera eramango du Roberto. Benetako jogurt greziarra dastatzeko aukera paregabea izango da. Eguna Sounion Badian amaituko dute, Grezia guztiko ilunabarrik politenetako bati begira.
Asier Hernanikoa da izatez, baina hemen zuen guztia alde batera uztea erabaki zuen eta lan eskaintza batek Atenaseraino eraman zuen. Bere eskutik, hiriaren alderdirik klasiko eta ezagunena ezagutuko du kazetariak. Akropolisa eta Partenona bisitatu ostean, Monastiraki inguruan egingo dute geldialdia. Azkenik, Agoran sartuko dira Hefesto Tenplua bisitatzeko.
Andrea gasteiztarra beka bati esker iritsi zen Atenasera, eta orain turismoarekin lotura duen app batentzat egiten du lan. Bere txokorik kutunenetara eramango du Roberto. Licabeto mendira igo eta bertako paisaiaz gozatu ostean, Andreak bere jatetxe gustukoena erakutsiko dio kazetariari. Bertan, moussaka dastatuko dute, greziako gastronomiako platerik ezagunena.
Juanek ingeniari izateko ikasi bazuen ere, egun gida turistiko bezala egiten du lan Greziako hiriburuan. Robertorekin batera Zeusen Tenplua bisitatzeaz gain, Kallimarmaro Estadioan egingo dute geldialdia, bertan jokatu baitziren Aro Garaikideko lehen Joko Olinpikoak.
Unai Astigarragakoa da, eta argazkigintzarako duen pasioak El Pireora eraman zuen. Bertatik gertu dagoen Egina uhartera eramango du kazetaria; ezaguna da pistatxo ekoizpenagatik eta hondartza ikusgarriak dituelako.
'Vascos por el Mundo' saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.