Itxi

telebista

Kanpaiak zuzenean

Arabako Guardia herritik emango dio ongietorria ETBk 2019. urteari

EiTB

Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak zuzenean gidatuko dute abenduaren 31ko saio berezia ETB1en eta ETB2n.

  • 'Kaixo 2018' saio berezia, Mundakatik.

    Zuhaitz, Sara eta Mikel, Mundakako Santa Katalina eliza aurrean. Argazkia: EiTB.

Arabako Guardia herritik egingo du aurten Euskal Telebistak Gabon Zaharreko kanpaien emankizuna. Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak zuzenean gidatuko duten 'Kaixo 2019' saio berezia ETB1en eta ETB2n izango da ikusgai abenduaren 31n.

Arabako Errioxako hiriburua dugu Guardia, mahastiez eta upategiez inguratutako herria. Bertan ekoiztutako ardoengatik ez ezik, Nafarroako Antso VII Azkarrak eraikitako harresiagatik ere ezaguna dugu. Muin batean goialdean eta harresiaz inguratuta dago herrigunea eta handik zuzenean arituko dira ETBko hiru aurkezleak, 2018 urteari agur esan eta 2019ri ongi etorria emanez.

Aurreko urteetan bezala, zuzeneko emanaldiaren aurretik, Zuhaitz eta Pagadik gidatutako saio berezia eskainiko da ETB1en. 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan egin ohi duten modura, Guardia eta Arabako Errioxako bitxikeriak ezagutuko dituzte bertako herritarrekin solasean arituz.

Iaz ETBk Mundakako Santa Katalina baselizatik eman zion ongi etorria urte berriari, Sara, Mikel eta Zuhaitzen konpainian baita ere. Emanaldian, Alex Sardui eta Izaro Andres abeslariek parte hartu zuten, hain ezaguna egin duten 'Aske maitte' zuzenean kantatuz, Gernikako Ross dantza taldea lagun zutela.

'Kaixo 2018' saioa ETB1 eta ETB2 kateetan aldi berean emititu zen, oro har %14,8ko audientzia zatia eskuratuz eta euskaldunen artean %21,8ko kuota. Halaber, 237.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.