Itxi

telebista

22:30ean

ETB2k eta eitb.eus-ek 'Punto de Vista' saioa estreinatuko dute gaur gauean

EiTB

Iñaki Elorzak aurkeztuko duen lehen saioak mendekotasunaren aurkako borroka izango du hizpide eta adikzio hori gainditzeko ahaleginean dauden hiru pertsonaren testigantzak bilduko ditu.

  • Iñaki Elorza

    Iñaki Elorza

Gaur gauean, ETB2k 'Punto de Vista' saio berria estreinatuko du, Iñaki Elorza kazetariaren eskutik. Saioak, astero, gai baten inguruko erreportajea eskainiko du (ludopatia, prostituzioa, loditasuna, delinkuentzia, sexuarekiko adikzioa, muturreko pobrezia, ume lapurtuak…) baina ikuspegi berritzaile batetik; izan ere, kamera duten betaurreko batzuen bitartez emango dute pertsona protagonisten egoeren berri.

Ikuspegi subjektibo horretatik, ikus-entzuleek protagonisten errealitatea hobeto uler dezakete, eta, gainera, telebistan aurretik jaso ez diren testigantzak eta egoerak ikusteko aukera izango dute. Atal bakoitzean, hiru protagonista izango dituzte, eta protagonisten gertukoenen testigantzak eta adituen iritziak ere jasoko dituzte.

Lehen atala, menpekotasunen inguruan

Sobre el abismo de mis adicciones da lehen atalaren izenburua, eta pertsona batzuek drogarekiko, alkoholarekiko edo jokoarekiko mendekotasunari aurre egiteko duten borroka ezagutzea izango du helburu. Horretarako, borroka horretan bizi diren hiru pertsonaren testigantzak entzuteko aukera izango dugu. Batetik, Diego izango dugu, alkohola uzteko borrokan bizi dena; bestetik, Nano, drogekiko mendekotasuna duena, eta bukatzeko, Ander, apustuak eta jokoa uzteko borrokan dabilena.

Drogak, alkohola, jokoa, erosketak, sexua… mendekotasunen mundua oso zabala da. Mendeko guztiek garrantzi askorik eman gabe hasten dute jokoa, denborarekin are eta erakargarriago bihurtzen den ohiko ohitura sozial bat bezala. Irteerarik gabeko puntu horretara nola heldu diren jakin gabe, horien bizitza infernu bihurtzen da. Euren gorputza, burua eta familia suntsitzen dituzte; bizitza osoa, bestela esanda. Euren infernua islatu nahi duten hiru pertsonaia horiek errekuperazio prozesuan daude, eta eurek onartzen dutenez, mendekotasuna duena betiko da mendekoa.

Istorio bakoitzeko pertsonaia hasieratik izango da anonimo, eta anonimo izaten jarraitu edo bere burua erakutsi nahi duen erabakitzeko aukera izango du saioaren amaieran.

Euskal gizartearen parte diren testigantza harrigarriak eskainiko dituzte, baina lotsak, aurreiritziek edo bakoitzak senti ditzakeen eraginek anonimo izatera eraman dituzte.

Punto de Vista ostiraletan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.